Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak parke publiko babestuen alokairua ordaintzetik salbuetsi ditu koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoan dauden pertsonak

0

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabaki du alokairua eta erkidego-gastuak ordaintzetik aldi baterako salbuestea koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoa jasaten ari diren Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu babestuko parke publikoetako maizterrak. Hots, osasun-emergentziak eragindako krisialdiaren ondorioz langabezian geratzen diren guztiak edo, langile autonomoa edo enpresaburua izanik, diru-sarreren galera edo salmenten beherakada nabarmena —% 40 edo handiagoa— jasaten dutenak.

Ondorio horietarako, alokairu-errentaren, erkidego-gastuen eta oinarrizko horniduren baturak familia-unitateko kide guztiek jasotzen dituzten diru-sarrera garbien % 30etik gorakoa izan beharko du.

Neurria apirilean eta maiatzean aplikatuko da eta, luzapenik izanez gero, ekainera hedatuko da euskal parke publikoaren etxebizitza guztietan: Eusko Jaurlaritzaren beraren titulartasuneko etxebizitzetan, Alokabide sozietate publikoaren etxebizitzetan, Bizigune eta Gaztelagun programen esparruan alokatutakoetan, eta indarreko edozein babes-formularen pean alokairuan lagata dituzten beste eragile publiko eta pribatu batzuen titulartasuneko etxebizitzetan.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du alokairuen ordainketa, COVID-19 funtsaren zuzkiduraren bitartez, eta 2,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako.

Alokairuaren ordainketaren salbuespena maizterrak eskatu beharko du. Horretarako, eskabidea aurkeztuko dio Alokabide SAri edo alokairuan lagatako etxebizitza daukan eragile publiko edo pribatuari, kalteberatasun-egoera egiaztatzen duten dokumentuekin batera. Tramite guztiak online egin daitezke, kanal telematiko eta telefonikoen bitartez, bizi ditugun salbuespenezko inguruabarrak kontuan harturik.

Bestalde, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabaki du Eusko Jaurlaritzaren eta Alokabideren titulartasuneko parke publikoan maizter-botatze guztiak etetea alarma-egoerak dirauen artean.