Donostiako Udalak bere lana eskertzen die kolektibo guztiei

0

Eneko Goia Donostiako alkateak modu telematikoan agertu da, herritarrei eskerrak emateko eta ardura eskatzeko mezua helarazteko.

Goiak nabarmendu nahi izan du “Udaleko Gizarte Zerbitzuak, bertan lan egiten duten pertsonak eta zerbitzu horiekin lan egiten duten guztiak egiten ari diren lan handia”. Eskerrak eman dizkie Udaltzaingoari, autobus-gidariei, garbiketaren arduradunei, suhiltzaileei eta, oro har, udal langile guztiei, prestasun handia eraksten ari direlako. Asko dira, gainera, gaur egungo egoerari aurre egiteko laguntza eskaini dieten pertsonak, baita enpresak ere, eta eskerrak eman nahi izan zaie une hauetan.

Oso garrantzitsua da arauak betetzea

Alkateak adierazi du, halaber, oso garrantzitsua dela gaur egun egoera berezi honetan aplikatzekoak diren arauak betetzea. Denboraldi pedagogikoago baten ondoren, joan den astearen erditik aurrera Udaltzaingoak izaera desberdineko 579 jarduera egin ditu. Bi pertsona atxilotu dituzte behin eta berriz emandako jarraibideei kasurik ez egiteagatik, 192 zehapen jarri dituzte, 177 pertsona identifikatu dira eta zirkulatzeko baimenik gabe atzemandako 13 ibilgailu.

Zigortutako pertsona batzuk, gainera, portaera jakin batzuetan berrerortzen dira, eta, horregatik, Goiak gogorarazi nahi izan du “aurreikusitako zigorrak handiak direla, 600 euroko isuna arau-hauste bat egiten den bakoitzean, eta, gainera, berrerortzen denak 30.000 eurorainoko isuna jaso dezakeela”.

Bestalde, Udalak dei berezia egin die herritarrei egoera ahulean egon daitezkeen adineko pertsonak identifikatzeko. Bakarrik bizi diren pertsonen jarduerarik eza inork hauteman dezakeen edozein zeinuren aurrean, 010 zenbakiaren bidez abisatzeko eskatzen zaie herritarrei. Kasu horietarako eta antzekoetarako erreferentzia-zenbakia da, eta 092 zenbakia larrialdi-egoeretarako bakarrik utzi behar da.

Kamara termikoak

Udalak gizarte zerbitzu, udaltzain eta suhiltzaileentzako 6 kamara termiko erosteko erabakia hartu du. Gailu horiek gorputzeko tenperatura detekta dezakete eta kamara bakoitzaren kostua 3.200 eurokoa da. Inbertsio hori beharrezkotzat jo da zerbitzu kritiko horietan segurtasun handiagoa bermatzeko.

Desinfektatzea eta garbitzea

Udalak kaleen garbiketa eta desinfekzioa indartu du joan den ostiraletik, soluzio kloratu baten bidez. Era berean, hiriko suhiltzaileen zerbitzua prestatzen ari dira adinekoen erresidentziak eta behar duten beste egoitza batzuk desinfektatzeko, besteak beste, etxerik gabeko pertsonentzat jarri diren baliabideak.

Gizarte zerbitzuak

Konfinatzeko laguntza jasotzen ari diren etxerik gabeko pertsonak 154 dira, eta Arrats elkartearen laguntzarekin kudeatzen ari da laguntza.