AZKUNA ZENTROAK PRAKTIKA ARTISTIKO ETA DANTZA GARAIKIDEKO EGONALDIETARAKO DEIALDI BERRIA IREKI DU

0
03-02-2020 X aniversario Azkuna Zentroa Urteurrena

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu, zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketa, sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko, artelanen ekoizpena bultzatu, eta herritarrengana hurbiltzeko, hala egindako obra nola sorkuntzako prozesuak erakutsiz.

Laguntza horretan kokatzen da Egonaldi Artistikoen programa. Egonaldi artistikoen programak baldintza egokiak eskaintzen dizkie sortzaileei material eta espazio aldetik, zentroak dituen programei eta ekintza-ildoei lotuta dauden sorkuntzako proiektuak garatzeko. Aldi berean, hurbileko sorkuntza-ehuna nazioarteko kultura-ingurune baliokideekin lotu, eta truke, erlazio eta lankidetza iraunkorrak eta elkarrekikoak bilatzen ditu.

Sorkuntza garaikideari eta ikerketari laguntzeko, Azkuna Zentroak Praktika Artistikoetako eta Dantza Garaikideko egonaldirako beste deialdi bat ireki du.

Alde batetik, sorkuntza garaikideari laguntzeko programa honetan Banco Sabadell Fundazioa dugu. Honek, egonaldi artistikoen programa babesten du artea eta kultura sustatzeko eta zabaltzeko duen programaren barruan. Bestetik, Etxepare Euskal Institutua dugu, mundu osoan euskal hizkuntza eta kultura defendatzea helburu duena.

Dantza Garaikideko egonaldia

Deialdia: Urtarrilak 1 > martxoak 4

Dantza Garaikideko egonaldia Dansateliers, Rotterdam (Holanda), sorkuntza eta erakusketa-zentroarekin lankidetzan egiten da. Dantzako profesionalek zuzentzen dute eta bi alditan garatzen da. Lehen aldia Azkuna Zentroan izango da, eta pieza koreografiko bat ikertzeko eta sortzeko prozesua jorratuko du. Bigarren aldia Rotterdamen izango da, Dansateliers-en instalazioetan. Bigarren aldi horretan, egoiliarrak Dansatelierseko taldearen aholkularitza eta mentoring artistikoa izango du eskura, bere lana garatzeko. Aldi berean, Dansateliers Rotterdam-ek Holandako testuinguruari lotuta dagoen koreografo bat hautatuko du, antzeko ibilbidea egin dezan, deialdi honetan hautatutako egoiliarrarekin harremanean jarrita. Bi piezen estreinaldia batera izango da, Rotterdamen eta Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon.

Martxoaren 26an Azkuna Zentroan Jaiotz Osa euskal koreografoaren eta Sigrid Stigsdatter Mathiassen koreografoaren Dantza Garaikideko 2019 egonaldiaren emaitza ikusi ahal izango da.

Praktika Artistikoetako egonaldiak          

Deialdia: Urtarrilak 1 >  martxoak 17

Praktika Artistikoetako egonaldiak Kubako eta Euskadiko artisten arteko trukea sustatzen du, bi espazioetan ikerketa-aldi bat eginez, testuinguru artistiko desberdinetan eta bertakoetan ikerkuntza eta lana bultzatzeko asmoz. Egonaldia Carlos Garaicoa estudioak Habanan duen Artista x Artista programarekin lankidetzan egiten da. Bilbon aukeratutako pertsonak Kuban egingo du egonaldiaren lehen zatia, urteko bigarren hiruhilekoan, eta Azkuna Zentroan bigarrena, udaren ondoren. Aldi berean, Carlos Garaicoa estudioak eta Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok Dayana Trigo Ramos  Kubako artista hautatu dute, eta horrek antzeko ibilbide bat egingo du, deialdi honen adjudikazioa jasotzen duen artista egoiliarrarekin harremanetan jarrita, bere 2020ko azken hiruhilekoan zentroan egonaldiaren bitartean.

Praktika Artistikoetako egonaldiari buru emateko, bi sortzaileek lanaren erakusketa egingo dute Azkuna Zentroan.

Gaur egun, eta otsailaren 4ra arte, José Ramón Ais eta Lester Álvarez artistek 2018ko egonaldian gauzatutako proiektuen emaitza hartzen duen erakusketa ikus daiteke Azkuna Zentroan. Eraskusketan, José Ramón Aisen Brillan en la noche bideo sorkuntza eta Lester Álvarez artista kubatarraren La Noche en Cuba eta Viaje del inquisidor Alonso de Salazar daude ikusgai.

Tana Garridok eta Alina Aguilak, 2019 Praktika Artistikoetako Egonaldiaren artista egoiliarrek, otsailaren 13tik apirilaren 26ra, Lantegia 2n, beren egonaldian burutako proiektuen emaitzak erakutsiko dituzte.