Antxoa kanpaina atzeratu dute

0

Martxoaren 1ean hasi zen antxoa kanpaina atzeratu behar izan dute, langileak kutsatzeko arriskuagatik.  Izan ere, gaitza geroz eta indar handiagoa hartzen ari da, eta ontzi bakoitzean hamabost arrantzale inguru biltzen direla kontuan izanik,  arrantzatzeari utzi diote.

Berdelaren sasoia izaten da lehendabizi; antxoarena gero. Berdela arrantzatzeko duten kupoaren eta flotaren eraginez, arrantzontzi handiek astebetean arrantzatzen dute, sareak erabilita. Kupoaren % 90 arrantzatu dute dagoeneko. Bi merkatu ditu berdelak: % 80-edo izoztu egiten da, eta gainontzekoa kontsumo freskora bideratzen da. Bizkaian eta Gipuzkoan badaude izozteko plantak, eta  merkatu horretan lan egiten duten enpresak. Azken horiek berdel izoztua atzerrira esportatzen dute.

Bi edo hiru asteko geldialdia izango dela aurreikusten dute arrantzaleek. Martxoaren 1etik aurrera zuten antxoa arrantzatzeko baimena, baina gehienetan apirilaren erdialdean hasten dira zeregin horretan. Hori dela eta, uste dute nahikoa epe badutela, eta antxoa apirilean arrantzatzen hasi eta ekainaren erdialdera arte arrantzatuko balute, kostera normala izango litzatekeela adierazi dute: kontsumorako, fabriketarako eta denerako.