Tapia:»Oinarrizko zerbitzuak mantentzeko badira beste zerbitzu batzuk behar-beharrezkoak direnak; katean lan egiten dugu»

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, “Egun On Euskadi” saioan. Koronabirusaren krisiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritza hartzen ari den neurri multzoa izan du hizpide, eta, beste hainbaten artean, honako hau azpimarratu du:

“Oinarrizko zerbitzuak mantentzeko, badira beste zerbitzu batzuk behar-beharrezkoak direnak; katean lan egiten dugu”. Sailburuak jarduera ekonomikoa mantentzearen aldeko jarrera azaldu du: “Jarduera, segurtasunez, baina mantendu behar dugu. Beti ere, langileek arriskurik ez izateko segurtasun neurriak hartuta , baina produkzioari eusten saiatu behar dugu”.

Koronabirusaren krisia bukatu ondorengo egoeraz esan du: “Egun batetik bestera ez da berpizte ekonomikorik izango. Krisia mundu mailakoa da, eta gure ekonomia globalizatua dago”.