Sei hizkuntzatan zabaldu du Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktimen arretarako telefonoen informazioa

0

Emakundek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailarekin eta Segurtasuneko Sailarekin batera, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko telefonoei buruzko informazioa zabaldu du sei hizkuntzatan, koronavirusaren krisiak eragindako salbuespenezko egoeraren aurrean. Informazio-kartelak egin dira euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, portugesez eta errumanieraz. Karteletan biktimari arreta emateko 24 orduko telefonoa (900840111) eta larrialdi baten kasuan erabili beharreko telefonoa (112) azaltzen dira. Gogorarazten da, halaber, 112 larrialdiko aplikazioa dagoela, entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat eskuragarri, eta GPS sistemaren geolokalizaziorako aukera ematenduena. Zabalkunde masiboa egin da, eta jardunean ari diren saltokiei eskatu zaie euren lokaletan informazio-kartel horiek jartzeko.

Emakunde Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailarekin, Segurtasunarekin, Osasunarekin, Lan eta Justizia Sailarekin eta udalekin koordinatuta lan egiten ari da alerta hasi zenetik, Coronavirusaren krisiak eskatzen duen herritarren konfinamendu-aldian indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei erantzunik onena ematen saiatzeko. Alde horretatik, zerbitzu guztiak martxan daude, eta egun hauetan aparteko premiarik identifikatu ez den arren, behar izanez gero neurri osagarriak hartzeko prest daude. Une honetan, Jaurlaritzaren eta aldundien baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa bildu da, eta, EUDELen laguntzarekin, EAEko udal bakoitzaren zerbitzuei buruzko informazio zehatza biltzen ari da. Era berean, Emakunde emakume biktimen elkarteekin harremanetan dago.

KARTELAK: