4.601 lagun kutsatuta daude COVID-19arekin Euskadin

0

Atzoko 20:00ak arte, COVID-19ko beste 655 positibo jaso dira Euskadin, hau da, 4.601 pertsona kutsatu dira guztira. Horietatik 1.565 ospitalizatuta daude.

Izandako 27 heriotzek 207ra igotzen dute hildakoen kopurua.

Orain arte, sendatutako 109 pertsona daude erregistratuta, eta 705ek jaso dute ospitaleko alta.

Gaur arte, Euskadin 11.487 detekzio-proba egin dira.

Eskura dauden azken datuak dira horiek, eta Mikel Sanchez Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eman ditu gaur, COVID-19ak gurean duen bilakaeraren berri emateko Eusko Jaurlaritzak egunero ematen duen prentsaurrekoan.

Lurraldeka, honako hau da banaketa:

ARABAN, 1.610 kutsatu daude, eta horietatik 343 ospitalizatuta daude.

BIZKAIAN, 2.186 lagun kutsatu dira, eta horietatik 994 ospitalizatuta daude.

GIPUZKOAN, positiboak 805 dira (horietatik 228 ospitalizatuta daude).

Martxoaren 27ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 175 343 103 1610
BIZKAIA 336 994 79 2186
GIPUZKOA 144 228 25 805
EAE GUZTIRA 655 1565 207 4601

Beste egun batez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek azpimarratu dute birusaren hedapena geldiarazteko gomendioei jarraitu behar zaiela:

Eskuak arreta handiz garbitzea.

Gainazalak garbitzea.

Eta, jakina, bakartze-neurriak betetzea.

Sanchezek gogorarazi du herritarrek eskuragarri dutela www.euskadi.eus/koronabirusa/ webgunean informazio erabilgarri guztia, baita Eusko Jaurlaritzak hainbat arlotan ezarritako gomendioak eta neurriak ere.

MEDIKAMENTUEN BANAKETA

Bestalde, eta medikamentuen banaketari dagokionez, honako hau azaldu du Sanchezek:

-Botikak ospitaleetan jasotzen dituztenen kasuan, medikamentuaren iraungitze data hurbil daukatenei modu ordenatuan ematen ari zaie hitzordua; beraz, itxaron egin behar da hitzordua izan arte medikazioa jasotzera joateko. Bertaratzerik ez dutenek, berriz, ospitaleko farmaziarekin ipini behar dute harremanetan, etxean jaso ahal izateko. Era berean, etxez etxeko banaketa egiteko sistema jarri da abian, arriskurik gehien edota egoera ahulenean diren pertsonei zuzendua. Guzti-guztiei emango zaie bi hilabeterako tratamendua.

Farmazia bulegoetako banaketaren kasuan ere, bi hilabeterako medikazio-sistema ezarri da, dagoeneko. Gaur gaurkoz, 156.000 pertsonek badute medikazioa etxean eta pixkanaka helduko da besteengana. Hala eta ere, etxetik irteteko arazoak eta premia izanez gero, Zuzenean zerbitzuko 012 telefonora dei liteke.