Eusko Jaurlaritzak malgutu egingo du genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako ‘ordainketa bakarreko’ laguntza ekonomikoak eskuratzeko aukera

0

Estatuko gobernuak Covid-19aren ondorioz dekretatutako alarma-egoerak dirauen artean genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak eskuratzeko aukera malgutzea onartu du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak.

Malgutasun horren helburua da administrazio-epeak geldirik egon arren eta sarrera-erregistro fisikoek (sartzeko ohiko moduak) funtzionatu ez arren, egoera horretan dauden emakumeen eskubideak ez murriztea eta prestazio horren izapidetzea bermatzea.

Genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei soilik zuzendutako laguntza ekonomikoa da, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak ezartzen duenaren barruan, eta bikotekidea den edo izan den gizon batek erabilitako indarkeria jasaten duten emakume biktimak babesten ditu.

Laguntza hori emateko, orain arte biktimak zuzenean eska zezakeen laguntza hori, profesionalen bitartekaritzarik gabe, Eusko Jaurlaritzaren webgunean formularioa betez edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuan eskatuz. Halaber, Biktimen Arreta Zerbitzuko (BAZ) gizarte-langilearen eta hirugarren sektoreko, abokatutzako, gizarte-hezkuntzako eta abarretako profesionalen baten bitartez eska zezaketen.

Osasun-krisiaren ondorioz, berriz, zerbitzu guztiak telematikoki eskainiko dira orain. Horren ondorioz, eta prestazioa eskatzeko eskatutako dokumentu jakin batzuk pertsonalki aurkeztu ezin direnez gero, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak savvg@euskadi.eus helbide elektronikoa gaitu du, izapidetzeko beharrezkoak diren eskaerak eta dokumentazioa bidali ahal izateko.

Laguntza horren azken helburua da diru-sarrerarik eza edo diru-sarreraren urritasuna aldi batez arintzea, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria jasaten duten emakumeei bizirauteko gutxieneko baliabide batzuk emateko eta, era horretan, erasotzailearengandik independizatu eta beste bizitza independente bat hasi ahal izateko.

“Emakume asko ezin dira erasotzailearengandik banandu ekonomikoki haren mende daudelako, besteak beste. Gure laguntzaren onuradunak diren emakume asko oso egoera ekonomiko txarrean daude (langabeak dira edota, zenbait kasutan, ez dute inolako diru-sarrerarik), eta, beraz, tratu txarren egoeratik laguntza ekonomikorik gabe ateratzea ia pentsaezina da. Gure laguntzak, zenbateko handia eta ordainketa bakarrekoa denez gero, emakumeak bizi duen tratu txarren egoera horretatik errazago ateratzea ahalbidetzen du», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendari Marian Olabarrietak.

Arau berezi honen indarraldia egungo alarma-egoerak dirauen artean luzatuko da.

Lanbideko arreta

Indarkeriaren biktimak diren emakumeak Lanbiden era berezian tratatuak izaten jarraituko dute. Izan ere, Euskal Enplegu Zerbitzuan emakume hauei arreta eskaintzeko bereziki trebatuak izan diren profesionalak daude. Aurrez-aurreko atentzioa etendua izan den arren, indarkeriaren biktimak diren andrazkoak Lanbideren zerbitzuak eskuragarri dituzte hedabide telematikoen bitartez, Lanbideren web-orria bezala: www.lanbide.euskadi.eus edo telefonoz: 945 160 600 / 630 305 452.

Laguntza-telefonoa

Bestalde, gogorarazi beharra dago genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzuak (900.840.111) eskuragarri jarraitzen duela behar duten emakumeentzat, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Arreta berehalakoa eta anonimoa da, ez du arrastorik uzten fakturan, 51 hizkuntzatan ematen da eta entzuteko desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko prestatuta dago.

Halaber, indarkeriaren biktimak diren emakumeek 112 telefono-zenbakia erabil dezakete larrialdi-kasuetan.