UPV/EHU eta Osasun Saila lankidetzan ari dira koronabirusaren aurka

0

Koronabirusaren pandemiaren aurka borrokatzeko osasun-sisteman profesionalen premia larria ikusita, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak akordio bat lortu dute Medikuntza eta Erizaintzako graduetako azken mailako ikasleak sisteman sartzea errazteko.

Akordioaren emaitzari esker, hainbat kolektiboren presentzia eta parte-hartzea gaituko da osasun-sisteman: prestakuntzan dauden profesionalak, espezialista-titulurik gabeko lizentziadunak eta graduatuak, erretiro-egoeran dauden langileak, Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako osasun-langileak, etab. Akordioaren zehaztasunak jasoko dituen agindu bat lantzen ari da Osasun Saila.

UPV/EHUko ikasleek aukera hori bere borondatez aukeratu ahal izango dute, osasun-laguntzako kontratuaren bidez. Pertsona horiek laguntza gisa eman beharko dituzte zerbitzuak, betiere beren espezialitateko profesional batek gainbegiratuta (Medikuntza edo Erizaintza). Ikasleak azken ikasturtean eta derrigorrezko irakaskuntza-praktiken etapan daudenez, bai Osasun Sailaren aginduan bai pertsona bakoitzak sinatuko duen kontratuan adieraziko da, langile laguntzaile gisa arituko diren epean, graduko praktikaldi bezala onartu ahal izango diren jarduerak garatuko dituztela. Halaber, behar akademikoekin bateragarri izatea zainduko da.

UPV/EHUko errektoreak hitzarmen honen balioa azpimarratu du: «Garai dramatiko bat igarotzen ari gara osasunaren eta emozioen arloan. Gizartearen erantzuna apartekoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitatea erabat inplikatuta dago erantzun horretan, batetik, irakaskuntza bermatuz eta, bestetik, bere baliabide materialak eta giza baliabideak osasun-agintarien esku jarriz. Osasun Sailaren proposamena bultzatzen ari gara gure ikasleen artean. Nabarmendu nahi dut, halaber, beharrezko neurriak hartu direla euskal osasun-sisteman jarduteko aldi hori ondorio akademikoetarako zenbatu dadin, praktikaldia balitz bezala «.