Bizkaiko Aldundiak foru-errepideetan mantentze-, kontserbazio- eta larrialdi-lanak egiten jarraitzen du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak jarraitzen du kontserbazio-, mantentze- eta larrialdi-zeregin ohikoak egiten foru-errepideen sarean. Lan horien helburua da une oro bermatzea errepide eta autobideen segurtasuna eta funtzionaltasuna, eta zirkulazioa ahalik arinena lehengoratzea ezbeharrak gertatuz gero. Horrenbestez, funtsezko jardueratzat hartzen dira.

Jardueron artean, aktibo dira orobat errepideen neguko plana eta AP-8 eta N-634 errepideetako alerta-sistema, Zaldibarren. Sistema horren bidez, monitorizazio topografiko etengabea egiten zaio Verter Recycling-en zabortegiari, eta behar diren baliabideak aktibatzen alertarik egonez gero bide biak ixteko.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu ostean, zeinak eteten baititu Foru Diputazioak abian dituen obrak, astelehen honetan Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak lanean jardun du obra bakoitzeko zuzendaritzarekin eta enpresa kontratistekin, obren geldiera segurtasunez gauzatu dadin, bai pertsonei dagokienez, bai obrari berari eta azpiegiturari dagokienez. Galtzadari eragiten diotela gauzatzen diren obren kasuan, behar bezala seinaleztatuko da galtzada eta, ahal bada, hura okupatzen duten elementuak erretiratuko dira. Horrez gain, lanak geldi dauden bitartean, obra bakoitzaren zaintza mantenduko da, eta behar-beharrezkoak diren gutxieneko mantentze-lanak egingo dira haietako bakoitzean.

Etenda gelditzen diren obren zerrenda osoa:

  • Ezkerraldeko Parke Teknologikoaren sarbidea
  • Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea, II. fasea
  • Bermeoko Tellaetxe’tar Josu kalearen luzapena
  • Kukularrako loturaren berrantolamendua, II. fasea
  • Ondarroako pasabidea
  • BI-630 Malabrigo – Traslaviña
  • Hobekuntza: BI-3524 Zeberio – Artea
  • Hobekuntza: N-240 Lemoa – Zeanuri
  • Hobekuntza: N-634 Berna – Euba
  • Hobekuntza: BI-633 Markina – Berriatua
  • Hobekuntza: BI-631 Trobika – Larrauri
  • Artxandako biribilguneak BI-3741 errepidean
  • Bidegorri Santurtzi – La Arena
  • Muxikako bidegorria
  • Gamiz – Fikako bidegorria