Errenta 19: Bizkaiako Foru Ogasunak 432 milioi euro itzuliko dizkie 398.000 zergaduni

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Ogasunak martxan jarri ditu 2019ko ekitaldiko errenta-aitorpena aurkezteko prozesuan herritarrei laguntza emateko lehen zerbitzuak, eta apirilaren 2tik aurrera funtzionamenduan egongo dira 94.608.3000 telefonoa eta www.bizkaia.eus/errenta web-orria, non zergadunak Errenta Etxean edo Errenta Web proposamenik izango duen kontsultatu ahal duen. Egun horretan hasiko da Ogasuna lehenengo aitorpen-zirriborroak bidaltzen. Hamar zergadunetik seiri eskaintzen die aukera hori. Lehenik eta behin, zergadunaren aldeko emaitza duten Errenta Etxean proposamenak bidaliko dira, eta, hala, kanpainaren hasieran, hau da, maiatzeko lehenengo hastean, Ogasuna lehen itzulketak egiten hasi ahalko da.

COVID-19 birusak eragindako osasun-larrialdiko egoeraren ondorioz, oraindik ezin da zehaztu noiz aktibatuko diren aurrez aurreko arreta-zerbitzuak Foru Ogasunaren bulegoetan, Aldundiaren Gertu bulegoetan eta banku-erakundeen bulegoetan. Edonola ere, zerbitzu presentzial horiek gutxienez bi hilabetez eskainiko dira, aurreko urteetan bezala, eta zerbitzu horiek emateari uzten zaionean amaituko da Errenta eta Ondare kanpaina.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainaren emaitzei buruzko aurreikuspenak

Errenta 19 kanpainan, Foru Ogasunak aurreikusten du 580.409 aitorpen izapidetzea; haietatik 397.669 -% 68- itzultzekoak izango dira eta, guztira, 431.675.300 euro itzuliko dira. Hau da, bataz beste 1.085 euro itzuliko dira. Bestalde, 182.740 aitorpen izango dira Ogasunari dirua ordaintzeko, eta, aitorpen bakoitzeko 2.056 euro, batez beste; guztira, 375.675.300 euro. 2019ko ekitaldiko errenta-kanpainaren azken emaitza -56,0 milioi euro izango da foru-diruzaintzarako. Kasu bietan, 2018ko errenta-kanpainan lortutako emaitzen oso antzekoak dira zifrak.

Ogasuna maiatzeko lehenengo astean hasiko da zergadunaren aldeko emaitza duten aitorpenei dagokiena itzultzen. Ordaintzekoak diren aitorpenen zenbatekoa, berriz, kanpainaren azken egunean kobratuko da, eta, ordainketa zatikatua aukeratzen bada, bigarren ordainketa azaroaren 10ean egingo da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar dute 20.000 eurotik gorako laneko errentak dituzten pertsonek eta/edo 1.600 eurotik gorako kapitalaren etekin gordin eta ondare-irabaziak dituzten pertsonek. Halaber, aitorpena aurkeztu beharko dute jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona guztiek.