Iragarri dira Nekazaritza Politika Bateratuaren barruan 2020rako emango diren laguntzak

0

Nekazaritza Politika Bateratuaren barruan (NPB) 2020rako emango diren zuzeneko laguntzak iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Laguntzak 44,8 milioi eurokoak izango dira, eta eskaerak Nekzaritzako Eskualde Bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, datorren maiatzaren 15era arte.

Dekretu honen xede diren laguntzak bost talde handitan bereizten dira:

  • Oinarrizko ordainketa: Nekzariak nekazaritzako jarduerak garatzeagatik jasotzen dituen zuzeneko laguntzak.
  • Klimaren eta ingurumenaren ikuspegitik onuragarriak diren nekazaritza jardueretarako ordainketa (ordainketa berdea edo greeninga)
  • Nekazaritza jarduera bati ekiten dioten nekazari gazteentzako ordainkea osagarria
  • Nekazaritza ustiategi txikietarako erregimen erraztua
  • Nekzariei edo abeltzainei lotutako laguntzak.

 Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien arteko kudeaketa partekatua

Laguntza horiek Europako Erkidegoko funtsekin finantzatzen dira. Zehazki, FEAGAtik datoz funts horiek, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jasota daude, aurrekontuko bi ekitalditan (2020 eta 2021), Ekonomiaren Garapeneko eta Azpigituretako Sailaren barruko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzaren barruan. Laguntza horien kudeaketa Foru Aldundiei dagokie, eta haiekin izenpetutako hitzarmenen arabera, Foru Aldundiak dira, bulego kitatzaile ofizialak diren heinean, laguntzaren onuradunari laguntzaren zenbatekoa sartuko diotenak.

Aldundiek eskaerak jaso eta dagozkien kontrolak egiten dituzte; Hazi Fundazioak ordainketaren aurretiko kalkuluak eta kontrol administratiboak egiten ditu, zerbitzu teknikoa den heinean; eta Eusko Jaurlaritzak araudira egokitzen dela ikuskatu, eta ordainketa egitea agintzen du. Gero, foru aldundiek gauzatu egiten dute.

Garrantzitsua da azpimarratzea agente guztien arteko koordinazioa oinarrizkoa dela, sartu diguten funts kopuru nabarmen hori lehen sektorera irits dadin, garaiz eta ezarritako moduan, atzerapenik gabe, egungo krisi unea gorabehera.

Aurreko kanpainetako zenbatekoa

Azken bi urteetan egindako ordainketen arabera eta kontuan izanda aurtengo urterako aurreikusten dena, berresten da denbora batean 44 milioi euro inguru izango ditugula batez beste (43,53 milioi euro, 2017ko eskaera urterako; 43,51 milioi euro, 2018ko eskaera urterako; eta 43,03 milioi euro 2019ko eskaera urterako). Euskadin, laguntzak 7.305 nekazariri eman zaizkie: 1.709 onuradun Araban, 2.476 Bizkaian, eta 3.120 Gipuzkoan.

 2020ko kanpainaren zenbatekoa

2020ko kanpainan (2020ko eta 2021eko aurrekontu ekitaldiak), kalkulatzen da 44,79 milioi euro gordin ordainduko direla, honela banatuta:

  • Oinarrizko ordainketa   21,70 milioi euro
  • Ordainketa Berdea (Greeninga)  11,42 milioi euro
  • Nekazari gazteak  0,70 milioi euro
  •  Nekazari Txikientzako Erregimen Erraztua  1,42 milioi euro
  • Laguntza elkartuak  9,55 milioi euro

Eskaerak egiteko epeak eta baldintzak

2020ko kanpainan, aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak aurreikusitako edozein lekutan aurkeztuko dira, datorren 2020ko otsailaren 1a eta maiatzaren 15a arteko epearen barruan.