UPV/EHUko unibertsitate masterretan izena emateko epea zabalik dago

0

Zabalik dago 2020-2021 ikasturterako UPV/EHUko unibertsitate masterretan izena emateko epea. Martxoaren 30etik eta maiatzaren 22ra arte, datorren ikasturtean master bat ikasi nahi izango duten ikasle guztiek aurreizen-ematea egin ahal izango dute.

UPV/EHUk datorren ikasturtean 102 master eskainiko ditu, jakintza adar guztietakoak (Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Osasun Zientziak eta Zientziak).

UPV/EHUk Euskal Herriko, Estatuko eta Europako kalitatearen agentzia ofizialen babesa duen goi mailako prestakuntza eskaintzen du, prezio publikoetan, eta kalitatezko irakasleen eta profesional espezializatuen bitartez. Graduondoko ikasketen eskaintzan unibertsitate arteko zein  nazioarteko master ugari aurki daitezke, eta zortzi Erasmus Mundus. Izan ere, UPV/EHU da Erasmus Mundus (Europar Batasunak ematen duen kalitatezko zigilua) master gehien eskaintzen dituen Estatuko unibertsitateetako bat.

Masterrei dagokienez, lau titulu berri jarriko dira martxan: Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Erasmus Mundus Masterra, Hizkuntzaren eta Komunikazioaren Teknologiak Erasmus Mundus Masterra, Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketa, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza (online).

Eskaintza horri esker, euskal ikasleek espezializazio maila altua lor dezakete etxetik gertu, eta, horrez gain, bere prestakuntzaren zati bat atzerriko unibertsitateetan egiteko aukera izango dute, ikasleen mugikortasuna finantzatzen duten erakunde programen bitartez.

Gainera, UPV/EHUk ikasleak harremanetan jartzen ditu zentro teknologikoekin, enpresekin eta erakundeekin, baita ere esanguratsuak diren nazioarteko ikerketa-taldeekin. Graduondoko ikasleek badaukate enpresetan praktikak egiteko aukera, I+G+b zentroetan, erakunde eta enpresetan, masterrek sinatu dituzten 800 hitzarmeni esker, eta unibertsitatearen eta beste erakunde batzuen bekak eta diru-laguntzak eskura ditzakete.