Ingurumen Sailak 1,67 milioi euro bideratuko ditu ekonomia zirkularra Euskadiko industrian bultzatzera

0

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ekonomia zirkularrerako ekoberrikuntza eta ekodiseinu Programa berriki onartu den Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren zutabeetako bat da. Programa hori urtero garatzen da, enpresa-proiektu berritzaileei laguntzeko deialdi baten bidez. 2019ko deialdian laguntzak jaso dituzten 36 proiektuek  gai hauen inguruko ekimenak garatuko dituzte: ekodiseinua, negozio-ereduak, birmanufaktura, metalak, plastikoak eta mineralak. Guztira, proiektuek 1,67 milioi euro jasoko dituzte Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Proiektuak aurtengo urtarriletik garatzen ari dira eta burutzeko epea 12 eta 18 hilabete bitartekoa izango da.

Berriki onartu den “Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren” bigarren erronka da berrikuntzak egitea material, prozesu eta produktuen alorrean. Berrikuntzak ahalbidetzen du europar politiken tresnetan ezarritako erronkak enpresa-aukera bihurtzea; tresna horien artean, azpimarratzekoak dira ekodiseinuaren zuzentaraua, erosketa publiko berdea, emisio industrialen zuzentaraua (IPPC) edo hondakinei buruzko legediak.

Ekonomia zirkularraren alorrean abiatu berri diren 36 proiektu berritzaileak eta aurreko edizioetan gauzatutako 118 proiektuak 4,05 euroko aurrekontura iristen dira, guztira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak emandako laguntzetan; laguntzak 57 enpresei eman zaizkie, Ihobe sozietate publikoaren bidez, legedi honetan (2016-2019). Laguntza horiek, gainera, EGEF – Eskualde Garapeneko Gizarte Funtsaren sostengua ere badute.

Azken deialdian bultzatu diren 36 proiektuetatik, % 64 materialen eremura zuzentzen da, eta gainerakoa proiektuen eremura; gehienak bat datoz Ekonomia Zirkularraren Estrategian ezarritako lehentasunezko gai-eremuekin. “Produktu” deritzan eremuak honako hauek hartzen ditu barne: ekodiseinuko 6 proiektu, iraunkortasunerako serbitizazioari buruzko 3 proiektu, birmanufakturako 4 proiektu eta Europako ingurumen-aztarnako 2 proiektu. “Materialak” izeneko eremuan, berriz, honako proiektu hauek sartzen dira: metalaren transformazioari buruzko 5 proiektu, funtseko metalei eta material kritikoei buruzko 6 proiektu, polimero eta plastikoei buruzko 4 proiektu, mineralei buruzko 4 proiektu eta bioekonomiako 2 proiektu.

Nobedade gisa, 2019ko deialdian Ihobek negozio zirkularren ereduei eta finantziazio pribatua eskuratzeari buruzko prestakuntza eta aholkularitza espezializatuko saioak antolatu ditu enpresentzat, proiektuak fase guztietan bideratzen laguntzeko, hau da hasieratik garatutako proiektuen komertzializaziora arte.