Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abian jarri dute ‘Kulturako profesionalei laguntzeko programa’

0

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ‘Kulturako profesionalei laguntzeko programa’ aurkeztu dute, Covid 19aren ondorioak jasan dituzten kulturaren arloko langileei babes ekonomikoa eskaintzeko asmoz. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programa honen bidez, baldintzak betetzen dituzten langileek aurreko urteko Pertsona Fisikoen Errenta Zergan aitortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 eskatu ahal izango dute. Langile bakoitzeko muga hilean 1.200 eurokoa izango da, eta programa horren aurrekontu osoa 2,5 milioi eurokoa izango da.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, «Lanbide lan handia egiten ari da pandemiak eragindako egoerak gehien kaltetu dituen sektoreak identifikatzeko”. “Kulturaren alorra horietako bat da, eta horregatik sortu genuen diru-laguntza lerro berri hau, jarduerak bertan behera uzteak eragindako kaltea arintzeko helburuz», adierazi du.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, bestetik, azpimarratu du ekimen berri hau oso beharrezkoa dela kulturaren alorrean: «Pandemiaren eraginez, ekonomia eta enplegu mailako ondorio larriak pairatzen ari dira kulturaren eta sormenaren alorrean. Kultur programazioa bertan behera geratu da, dozenaka proiektu gelditu dira eta milaka lagun ari dira ondorio horiek jasaten. Gure ustez, programa berri hau beharrezkoa da kulturako ehunka langileri egoera hau gainditzen laguntzeko eta, era berean, gure kultura-ehuna bizirik mantentzeko, hori funtsezkoa baita gure herriarentzat».

Programa berria

Programa hau egoitza pertsonala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala duten pertsonei zuzenduta dago. Horrez gain, proposamen berri hau zuzenduta dago Covid-19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan dituztenei.

Programa honetan sartzen diren pertsonek kulturari lotutako jardueran aurreko urteko Errenta aitorpenean aitortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 jaso ahal izango dute. Azken hilabeteetan jarduerari ekin dioten pertsonak badira, jarduera hasteko eskabide-inprimakia aurkeztu beharko dute, eta eskatzaileak 2020an hasi badira lanean, jasoko duten laguntza hileko lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da. Programak honako aldi hau hartuko du: martxoaren 13tik (Osasun Larrialdia eta Alarma Egoera deklaratzearen atarian) Alarma egoera amaitu eta kultur emanaldiak publikoarekin baimenduko diren hilabetearen azken egunera arte. Nolanahi ere, laguntzak gehienez ere 6 hilabetez eskainiko dira.

Programa Lanbideren bidez kudeatuko da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan. Datozen egunetan emango dira, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, programa hau abian jartzeko beharrezkoak diren prozedura-arauak, inprimakiak, epeak eta gainerako elementuak. Ekimen berri hau apirila amaitu baino lehen martxan egotea da helburua.

Programak berak zehaztuko ditu laguntzak eskuratu ahal izango dituzten jarduerak, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalean oinarrituta. Nolanahi ere, aurreratu daiteke horrelako jarduerak hartuko direla kontuan: sorkuntzarekin lotutako jarduera profesionalak; kultura-produktuen merkataritza; arte grafikoak eta euskarri grabatuen erreprodukzioa; ikus-entzunezko jarduerak; argazki-jarduerak; edizio-jarduera; liburutegietako, artxiboetako, museoetako eta ondareko jarduerak; soinuaren grabazioko eta musika-edizioko laguntzaileak; soinuaren grabazioko eta musika-edizioko jarduerak; irudi- eta soinu-euskarrien eta -aparatuen eta musika-tresnen fabrikazioa; hizkuntzen itzulpen- eta prestakuntza-jarduerak; edo kultura-hezkuntza.