Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal sailburuak Gasteizko herritar bat zoriondu dute bere 104. urteurrenean

0
PRUEBA

Gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak zorionak opa dizkiote haren 104. urtebetetzean Basilisa Maestre Ancini, Vitoria-Gasteizko Aranbizkarra auzoko herritarrari. Basilisa Maestrek betiON erabili du 2014. urtetik, eta emakume adinekoenen artean telelaguntza-zerbitzu horrek artatutako Arabako bigarrena da.

Hala ere, Basilisa bihurtu da alarma estatuan konfinamendua agindu ondoren zerbitzu hau erabiltzen duten Arabako adinekoenen artean urteak bete dituen lehendabizikoa. Horregatik, hala alkateak nola sailburuak bat egin dute betiOnek bere erabiltzaileei urteurrenean egiten dieten zorion agurrarekin; izan ere, egokiera are bereziagoa da, beste pertsona nagusiek bezala Basilisak ezingo baitu bere senitarteko eta hurbilekoen bisitarik jaso.

Ekitaldia Lehendakaritzan egin da bideo-dei baten bitartez. Basilisa Maestre, Marañongoa da (Nafarroan), baina Gorrebusto, Durruma Kanpezu eta Villafriako herritarra izan da bizitzan urte luzez, eta orain oso osasuntsu dago duela gutxi infekzio batetik suspertu ondoren.

Bileran, Artolazabal sailburuak zorionak eman dizkio «hain eder egoteagatik», eta urtebetetze konfinatua igarotzea zein zaila den ulertu duela esan du, berak hilabete hasieran urteak bete zituelako eta ezin izan zuelako familian ospatu.

Gorka Urtaran alkateak, berriz, bere arrakastaren sekretua galdetu dio, «hain primeran egoteko». «Lan egin eta lan egin», adierazi du Basilisa Maestrek, patatak biltzen jornalari gisa egindako lana gogora ekarriz. Urtaranek zorionak eman dizkio gasteiztar guztien izenean, eta, opari gisa, protagonistak zapuztu egin du, «Oso alkate ederra» dela esan baitio.

Gerra zibilean, Basilisa Maestre Donostiara aldatu zen, eta hor etxeetan zerbitzari atera zuen bizimodua, emakume askok bezala. Ondoren, galtzerdiak ehuntzen lan egin zuen, eta gero horiek herrietan saltzen. Egun, artean ere irakurle porrokatua da, Arabako Errioxako liburu bat du esku artean, eta ez du huts egin eguneroko mezara konfinamendua baino lehen.

Mendeurrenak

betiON telelaguntza-zerbitzuak ehun urteko adina gainditu duten 130 pertsona erabiltzaile ditu egun. Horietatik, 115 emakumeak dira, alegia, guztien % 88,5, eta zaharrena Donostiako herritar bat izan zen: joan den martxoan, 106 urte egin zituen. Hala ere, telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile zaharrena Bilbon bizi den gizon bat da, eta 107 urte beteko ditu hurrengo uztailean.

Zerrenda horri aurten ehun urte beteko edo bete dituzten adineko beste 113 pertsona gehitu behar zaizkio. Beraz, betiON zerbitzuan ehun urte bete dituzten pertsonak guztira 243 erabiltzaile izatera helduko dira, gehienean bakarrik bizi direnak; bada, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak martxan jarritako telelaguntzak artatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak, egun, 57.000 erabiltzaile ditu guztira. % 77 inguru emakumeak dira, eta % 23, berriz, gizonak. Batez besteko profila bakarrik bizi den 80 urteko emakume nagusiarena da.