Bizkaiko Elikagaien Bankuak bihar ekingo dio berriro Mercabilbaoko biltegian duen jarduerari

0

Bizkaiko Elikagaien Bankuak apirilaren 21ean, asteartean, ekingo dio berriro Mercabilbaoko instalazioetan duen biltegiko jarduerari, azken asteetan itxita egon ondoren, COVID-19aren pandemiaren aurrean ezarritako konfinamenduaren ondorioz. 08:00etatik aurrera, 7 boluntario soberan geratu diren elikagaiak biltzeaz eta ondoren sailkatzeaz arduratuko dira, behar gehien duten pertsonen artean banatzeko.

Azken egunetan, Elkarteari utzitako lokala desinfektatzeko protokoloa jarri du martxan Mercabilbaok, gaur egun ezarritako osasun arloko segurtasun neurriak betetzeko eta boluntario taldearen osasuna babesteko. Horrela, Bizkaiko Elikagaien Bankuko biltegia desinfektatzeko lanak martxoaren 15etik hornidura-merkatuko instalazio guztietan zorrotz ezarritakoei gehitu zaizkie.

Datorren apirilaren 21etik aurrera, Bizkaiko Elikagaien Bankua izango da berriro ere handizkako enpresen elikagai-soberakinak jasotzeko gune nagusia; izan ere, elkarteko boluntarioek sailkatu ondoren, arinago banatzen dira ohiko jomugen artean, jantoki sozialetan eta laguntza-zentroetan, besteak beste.

Konfinamendu aldian, Bizkaiko Elikagaien Bankuak bere gainerako egoitzetatik banatu ditu martxorako eta apirilerako aurreikusitako elikagai guztiak. Gainera, gaur egun, osasun alarmaren ondorioz diru-sarrerarik gabe geratu diren pertsonen larrialdi sozialak artatzen dituzte. Beraz, Mercabilbaoko biltegia irekitzea ezinbesteko eta funtsezko ekintza da premia handiena duten pertsona guztiei elikagaiak eramaten jarraitu ahal izateko.