Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (UPNA) Enologia Berritzailea Unibertsitate Masterra jarriko dute abian datorren 2020/21 ikasturterako. 60 kreditu izango ditu eta 30 plaza eskainiko dira (15 NUPen eta beste 15 UPV/EHUn), graduondoko titulu ofizial hori, doktoregorako sarbidea izango duena, mahastizaintza eta ardogintza sektoreko profesionalak prestatu nahi ditu, horixe baitugu azken garaiotan sektore dinamikoenetako bat, eta, erronka berriei erantzuteko, ardo ekoizpenaren eta upategien merkataritza kudeaketaren negozio arloei buruzko ikuspegi integrala eskaini beharrean gara. Titulu berrian Eusko Jaurlaritzak laguntzen du eta Gasteizen eta Iruñean irakatsiko da.
Masterrean sartzeko profila diziplina anitzekoa da, eta ikasleak gradu hauetako tituludunak izan daitezke: Enologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Biologia Zientziak, Kimika Zientziak, Nekazaritza Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Marketina. Enologia eta Ekonomian graduatutako pertsonentzat, gainera, titulu bikoitza lortzeko aukera eskaintzen du Bordeleko Unibertsitateak (Frantzia). Titulu bikoitza lortzeko, ikasleek Master Amaierako Lana Bordeleko upategiren eta/edo ikerketa zentroren batean egin behar dute, 30 ECTS dituen «Stage de professionnalisation» delakoaren arabera (urtarriletik ekainera).
Prestakuntzak honakoak hartzen ditu barne, besteak beste; nahitaezko irakasgaien 27 ECTS, hautazkoen beste 12 eta 21 master amaierako proiektuari dagozkionak, eta upategian begin beharreko praktikak ere bai. Irakasgaietan hona gaiak jorratuko dira: mahastiaren erabilera, datu sentsorialen tratamendua, zuzendaritza komertziala eta marketin aurreratua edo kontsumitzaileen lehentasunen analisia.