Bizkaiko Aldundiak A-8ko bi bidezubi konpontzeko lanak hasiko ditu Trapagaranen

0

atorren astean, B-10 autobideko (lehenagoko A-8a) bi bidezubi konpontzeko lanak hasiko dira Trapagaranen, taulak hamabost zentimetro inguru mugitu baitira. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Kontserbazio Zerbitzuak egin ohi duen aldizkako ikuskapenari esker, patologia identifikatu ahal izan da, bertan jardun ahal izateko.
Azterlan teknikoen arabera, orain dela lau hamarkada eraiki ziren bi bidezubi horietako horma-bularretako baten asentatzeak eragin du desplazamendu hori. Hegoaldeko horma-bularraren mugimendu horrek taulak bultzatu ditu eta, ondorioz, itxi egin dira bidezubi bakoitzeko hiru dilatazio-junturak eta arrailak agertu dira zutabeetako batzuetan. Halaber, kalteak eragin ditu taulen euskarri diren elementuetan.

Bi egitura horiek jatorriko egoerara bueltatzeko, hormigoi armatuzko bi estaldura-horma egingo dira hegoaldeko bi horma-bularren ondoan. Hormak zimendatzeko, mikropiloteak erabiliko dira, eta harri-estratura ainguratuko dira. Horma horiek tenkatuta, horma-bular bakoitzaren desplazamendua berreskuratu ahal izango da, eta mugimendu berean taulak mugituko dira. Jarduketa hau denbora errealean monitorizatuko da zehatz-zehatz egiteko, eta kontrol-teknikak erabiliko dira taulen eta zutabe eta horma-bularren arteko desplazamendu erlatiboa neurtzeko.

Lehenengo fase honetako lana egiteko, lau hilabete beharko dira, eta, lanon bidez, egonkortu eta sendotu egingo da horma-bularra. Hala, dilatazio-junturen espazioa berreskuratu ahal izango da. Bigarren fasean, taulen euskarriak berrituko dira eta zutabeetako arrailak konponduko dira. 14 hilabete beharko dira bi faseak egiteko.
Trafikoan gorabeherarik ez eragiteko, lanak egituren beheko aldetik egingo dira, eta instrumentazio-lanak eta dilatazio-junturak aldatzeko lanak egiten direnean baino ez dira itxi beharko erreiak. Hala ere, ez dira itxiko modu iraunkorrean. Edonola ere, lanak gauez egingo dira, trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko.