“Ikusi eta Ikasi” programak online eskainiko du familia giroan eta euskaraz gozatzeko aukera

0

Bilboko Udalak eta Topaguneak Bilboko familien artean euskara sustatzeko antolatzen duen “Ikusi eta Ikasi” kultur programa arrakastatsuak, konfinamenduak eragindako oztopoen ondorioz, udaberri honetarako aurreikusitako eskaintza eraberritu du. Makusi programaren laguna ere etxean gelditu da, eta Zuriñe Hidalgo aurkezle ezagunarekin batera, online eskainiko die hiriko familiei aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera.

Apirilaren 27tik maiatzaren 16ra bitartean, egunero-egunero, saio bat (tailer edo ikuskizuna) argitaratuko da www.ikusietaikasi.eus webgunean, eta familiek nahieran gozatu ahal izango dute, etxeko ohitura eta errutinari jarraituz eta ongien datorkien orduan. Saio bakoitza hiru egunez egongo da ikusgai web orrian.

Parte hartzeko xehetasunak www.ikusietaikasi.eus webgunean izango dira ikusgai apirilaren 27tik aurrera. Online eskaintza denez gero, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emanda egotea. Nahikoa izango da aipatutakoa webgunean sartu eta gustuko aukeraren gainean klikatzea. Hala ere, programan izena eman zuten familia guztiek emaila jasoko dute, eskaintzaren nondik norakoak azaltzeko.

Beti bezala, “Ikusi eta Ikasi” programak familia giroan kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzea du helburu, 4 eta 10 urte bitarteko umeen familiei zuzendutako hainbat diziplinatako saio, tailer eta ikuskizun interesgarrien bitartez. Programa oso modu erraz eta erosoan antolatuta dago, eta 8 urtetik gorako neska-mutilentzako ekitaldiak “8+” etiketarekin nabarmendu dira.

Hauxe da “Ikusi eta Ikasi” programaren 16. edizio honetan online eskainiko diren ekitaldiak:

  • Apirilak 27. Natura ikertu (tailerra)
  • Apirilak 28. Ana Apika: Liburuz liburu (ipuin kontaketa)
  • Apirilak 29. Urban dantza (tailerra 8+)
  • Apirilak 30. Kiki pailazoa: Mugi-mugi zirkua (zirkua)
  • Maiatzak 1. Zigiluak sortzea: Estanpazioa (tailerra)
  • Maiatzak 2. Ahobizi: Ipuinen mundua + Belarriprest: Emozioen abentura (tailerrak)
  • Maiatzak 3. Argazkigintza (tailerra 8+)
  • Maiatzak 4. Cut out animazio tailerra + Bideo poesia tailerra (tailerra 8+)
  • Maiatzak 5. Dilin dalan musika saioa (saio partehartzailea)
  • Maiatzak 6. Txikiritmo (saio partehartzailea)
  • Maiatzak 7. Marrazketa probak (tailerra 8+)
  • Maiatzak 8. Yoga (tailerra)
  • Maiatzak 9. Ameli eta Xirrikituen Jostunek (ipuin kontaketa)
  • Maiatzak 10. Irrien Lagunak: Largabista naturarekin harremanetan (antzerkia)
  • Maiatzak 11. Disko festa (dantza)
  • Maiatzak 12. Nerea Ariznabarreta: mamuak eta auzokide batzuk (ipuin kontaketa)
  • Maiatzak 13. Eriz Magoa: Itzal magikoa (saio partehartzailea)
  • Maiatzak 14. Contact Kids (tailerra)
  • Maiatzak 15. Zirku tailerra (zirkua)
  • Maiatzak 16. Euskal dantzekin, mugitu gerria! (dantza 8+)

“Ikusi eta Ikasi” programa, hitzordu finkoa bilakatu da familia askoren urteko aisialdiaren agendan, askotxo baitira programak familian eta euskaraz gozatzeko eskaintzen dituen gune, une eta abaguneak. Aurtengo edizioa urtarrilaren 31n aurkeztu eta martxan izan da Bilboko 15 udaltegitan, harik eta, martxoaren 12an, Covid 19ak eragindako alerta egoeraren ondorioz, konfinamendua ezarri zen arte.

Horren harira, joan den astean, Bilboko Udalak “Harrapazank” programaren online eskaintza erakargarria abiarazi zuen Topagunearekin batera 10 urtetik gorako gazteen sormena bultzatzeko.