Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak

0

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak bertan behera utzi ditu Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen 39. edizioa. Txapelketa hauek maiatzaren 30ean eta 31n, eta ekainaren 6an eta 7an antolatu behar ziren, Gasteizen, baina Covid 19aren hedapenari aurre egiteko neurriek ezinezko egin dute aurtengo edizioa.

Eskolarteko Kirol Jokoek 12 eta 14 urte bitarteko 2.500 neska-mutil inguru bildu behar zituzten, guztiak ere euren lurraldeetako eskola-kiroleko txapelketen irabazleak. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek  lehiatu behar zuten Euskadiko txapeldun izateko honako modalitateetan: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, judoa, karatea, euskal pilota, tenisa, errugbia, boleibola, hondartza-boleibola, padela eta igeriketa. Alabaina, Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoeraren ondorioz indarrean jarritako osasun eta segurtasun neurriek ez dute horiek egiteko betarik utzi.

Eskola-kirola lurralde historikoetako foru aldundien eskumena den arren (toki-administrazioekin lankidetzan sustatzen dituzte lehiaketa horiek), Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu. Txapelketa hauek amaiera ezin hobea ematen diete ikasturte osoan zehar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen diren eskola-kiroleko probei.