Ekonomia suspertzeko 1,5 milioi euroko plana prestatzen ari da Zarauzko Udala

0

Konfinamenduaren zazpigarren astera iritsi garen honetan, Zarauzko Udalak Covid-19aren ondorioei aurre egiteko ekintza berriak egingo dituela iragarri du Xabier Txurruka alkateak.

«2020ko aurrekontua goitik behera berrikusten ari gara, gerrikoa estutzen, funtsezkoan zentratzeko eta poltsa ekonomiko bat sortzeko, Jaurlaritzak eta Aldundiak salbuespenezko egoera honen aurrean emango dituzten laguntzak osatzeko», adierazi du Txurrukak.

Gizarte Zerbitzuen baliabideak lehenetsi, malgutu eta handitzeaz gain, Udal Gobernuak, osasun-krisia eragiten ari den ondorioez jabetuta, Zarautzen zerbitzuen sektorea suspertzeko lehen erabakiak hartu ditu. «Gaur egungo testuinguruan, 2020ko aurrekontua berregituratzeko orduan aurten aurreikusitako proiektu batzuk ezin izango direla gauzatu uste dugu, eta partida ekonomiko horiek bi fronte nagusira bideratuko ditugu: gizarte zerbitzuetara eta tokiko ekonomiaren suspertzera», zehaztu du Txurrukak.

Udala lantzen ari den planak hainbat neurri jasotzen ditu jarduera ekonomikoaren murrizteak edo eteteak eragindako ondorioak arintzeko. «Plan honek 1.500.000 euro inguru izango ditu, eta merkataritza eta ostalaritza sektoreetara bideratuko da», aurreratu du alkateak.

Era berean, Txurrukak gogorarazi du Garapen Ekonomikoko zinegotziak Zurekin eta Murkil elkarteekin batera lanean diharduela azken egunotan egoera eta Suspertze eta Modernizazio Plana zer izango den aztertzeko, “talka”-ko lehen fase batekin eta “akonpainamenduko” beste batekin. «Zarauzko Udala harremanetan dago Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Udal Elkartearekin eta Eudelekin, aktibatzen joango diren laguntzen berri izateko eta, horrela, koordinatuta egoteko, hartzen diren neurrietan talka ez egiteko eta neurri horiek osatu ahal izateko», ondorioztatu du alkateak.

Iker Basurko (EAJ-PNV) Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, burutuko diren ekintza hurbilenen artean, terraza eta beladoreen kuota itzuliko da: «Ezin dugu kobratu eskaintzen ari ez garen zerbitzu batengatik, eta ostalaritzak uda aurretik ireki ahal izango balu, aparteko laguntza bat izango litzateke negozioentzat, betiere noiz ireki dezaketen kontuan hartuta».

Era berean, ostalaritzako negozioetarako uraren kontsumoarekiko proportzionala den laguntza bat aztertzen ari da Udala. «Laguntza hori aktibatzeko modua baloratuko da, eta laster izango dugu zehaztuta», zehaztu du Basurkok.

Plan honek denboran mailakatutako marketineko eta komunikazioko hainbat ekintzarekin jarraipena izango du. «Kanpaina 2020. eta 2021. urteetan zehar egingo da. Lehen komunikazio fase bat lantzen ari gara, herritarren sentsibilizazioa bilatuko duena, baita herriko merkataritzan edo zerbitzuetan kontsumitzeko bonuen ekintza bat eta salmenta gurutzatuko ekintza bat, injekzio ekonomikoaz gain, bi elkarteen arteko baterako lana eta sinergien aprobetxamendua bilatuko duena. Ekintza horiek guzti hauek 400.000 euro baino gehiago batuko dituzte, datozen hemezortzi hilabeteetan”, azaldu du Basurkok.

Azkenik, Garapen Ekonomikoko zinegotziak aurreratu du Suspertze eta Modernizazio Bulego bat sortuko dutela, Zurekin eta Murkil elkarteekin batera, ezarritako Plana kudeatu eta garatzeko. «Suspertze eta Modernizazio Bulegoa sortzea, bi elkarteetatik egiten ari den lana berrindartzeko, modernizatzeko eta profesionalizatzeko apustu garbia da», burutu du Basurkok. Laster zehaztuko diren laguntzen berri izateko, beharrezkoa da negozio interesdun gisa erregistratzea, 943005100 telefonora deituz edo haz@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz.