Bilboko Udalak 27.000 dei egin ditu 65 urte baino gehiago duten pertsonei

0

Bilboko Udalak jakitera eman du dagoeneko 27.000 dei baino gehiago egin dizkiela 65 urte baino gehiago duten uriko pertsona nagusiei. Ekimenaren lehen aldi horretarako ezarritako marka izan da hori; apirilaren erdialdera hasi zen, kolektibo horren beharrizanak ezagutzearren, bereziki zaurgarria baita, egungo krisi sanitarioan.

Gizarte Ekintzako profesionalek eta boluntario talde batek osatzen dute taldea, Juan Mari Aburto alkatea lider dutela; talde horrek hartu du ardura bilbotar adinekoak lokalizatzeko, jakitearren zer-nolakoak diren haien osasun egoera eta animoa, bai eta haien egoera pertsonala ere (bakardadea, autonomia maila…), eta bai ere zer zerbitzu eskain dakiekeen Udalaren sailetatik.

Itxialdiak dirauen bitartean, oraindik ere egingo dira deiak, ahalik eta pertsona gehienak topatzearren. Bizkaiko hiriburuan, 65 urte baino gehiagoko herritarrak % 24 dira, biztanle guztien artean; guztira, 80.000 pertsona, gutxi gorabehera.

Ekimen honekin, Bilbok osatu egiten ditu Gizarte Zerbitzuek larrialdi sanitarioko egoera honetan abian jarritako baliabideak, hala nola gizarte larrialdiko antolamenduak etxerik gabeko pertsonentzat, eta arreta eskaintzea Urian bakardade arriskuan diren adinduei eta ELZ etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei (3.000 erabiltzaileei deitu zaie etengabe), eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen telefono bidezko arreta 010 telefonoan bateratzea, beste erabaki batzuen artean.

Bilboko Udalak ohartarazi du dei horietan ez dela eskatzen ez datu pertsonalik, ez dirurik, eta telefonoz baino ez direla egiten; ez dela inolaz ere bisitarik egiten etxebizitzetara.