Dani Garciak emandako elkarrizketa birtuala

0

Dani Garciak eman du asteko lehen elkarrizketa birtuala. Zumarragako futbolariak komunikabideek eta athleticzaleek egindako galderei erantzun die gure sare sozial ofizialetan.

“Familia bat aurkitu dut Athleticen. Ez nuen uste hedabideetan hainbesteko eragina zuenik, ezta munduan zehar hainbeste zale zeudenik ere: aurredenboraldian Ingalaterrara, Alemaniara, Holandara edo Espainiako edozein lekutara joan garen bakoitzean, imajinatu ere ezin duzu egin hotelean zain duzun jende guztia. Nondik ateratzen dira?!” Horrela erakutsi nahi izan du Dani Garciak klubaren ezaugarri nagusietako bat: edozein tokitan jasotzen duen babes handia.

Bere “denboraldirik erregularrenean“,  Garitanoren hamaikakoetan finkoa da erdilaria. “Gaizka da gehien markatu nauen entrenatzailea. Eibarren gazteenetako bat nintzen, esperientzia handiko talde batera iritsi nintzen, 2.B Mailan jokatu nuen, 2. mailan jarraipena eman zidan eta gero 1. mailan ere. Honaino iritsiarazi nau“.

Kopako finalak oraindik ez du datarik. Baina Zumarragakoak “ikusleekin jokatzea” espero du. Titulu hori altxatzeko aukera izanez gero, eskaintza ere argi dauka: “Aitari, txikitatik partida eta txapelketa guztietara nirekin etorri da, eta nik bezala merezi du titulua“.

Dani Garciak aitortu du ez duela “erreferente argi bat” izan. “Zelai erdian jokatzen zuten futbolariei erreparatu diet: Makelele, Busquets, Bruno, Iturraspe…“