Turismo-sektoreari laguntzeko 3 agindu berri argitaratu dituzte

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Lurralde Proiektu Turistikoetarako Laguntzak (LPT), Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko Laguntzak (TMS) eta Ekintzailetzarako eta Turismo Enpresen Lehiakortasunaren Hobekuntzarako Laguntzak (ETELH) aurkeztu ditu gaur. Turismo-jarduerari laguntzeko eta bultzada emateko laguntza horietarako 2,8 milioi euroko zenbatekoa bideratu da. Laguntza horien helburua da turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea eta enpresa horiei laguntzea, eta, hartara, COVID-19aren ondorioz establezimenduei sor dakizkiekeen premia batzuk estali ahal izatea, hala nola establezimenduak egokitzea eta turismo-egoera berrira egokitutako produktu berriak sortzea.

Laguntza-programa hau euskal turismo-sektoreari laguntzeko bigarren fasean biltzen da, eta ekonomia suspertzea eta jarduera berrabiaraztea du helburu. Hortaz, pandemiaren hedapenaren berehalako ondorioak arintzera zuzentzen diren gainerako premiazko laguntzen osagarri gisa planteatzen da, eta Sailak diseinatutako bi aldiko estrategiaren parte da.

Proiektu Turistikoetarako Laguntzen Programa bideratzen da turismo-helmugen erakargarritasuna eta turismo-esperientzia hobetuko duten proiektuetara, baita helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetuko duten proiektuetara ere. Aurten, lotuta daude 2019an aldarrikatutako Turismoaren Kode Etikoarekin. Tokiko erakundeei eta turismo-lankidetzarako erakundeei zuzenduta dago, 1.450.000 euroko zuzkidurarekin.

Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko Laguntzak mikroenpresetara, enpresa txiki eta ertainetara eta elkarteetara bideratzen dira, turismoa dibertsifikatzen eta dinamizatzen lagunduko duten ekitaldiak, produktu turistikoak eta esperientziak babesteko, eta 717.000 euroko aurrekontua du.

Bestalde, orotariko turismo-enpresei eta autonomoei (gida, ostatu, ekitaldien antolaketa, turismo aktibo, eta abarri) zuzendutako Ekintzailetzarako eta Turismo Enpresen Lehiakortasunaren Hobekuntzarako Laguntzen bidez, enpresa berriak sortzeko ekintzailetza eta lehiakortasuna laguntzen da diruz.

Lehiakortasunaren kasuan, alderdi hauek sustatzen ditu: enpresa-berrikuntza eta soluzio teknologikoak garatzea; negozio-prozesuak berritzea eta I+G+b arloko jarduerak garatzea; kudeaketa adimenduneko sistemak txertatzea; enpresen turismo-eskaintza optimizatzea eta zabaltzea; jatetxe-arloko enpresetan edo turismo-ostatuko establezimenduetan obrak egitea eta ekipamendua eskuratzea; turismo-eskaintza egokitzea, turismo jasangarrira, arduratsura eta irisgarrira begira; turismo-jarduerak ingurunean sortzen duen inpaktua murrizteko inbertsioak egitea; eta irisgarritasuna errazteko teknologiak txertatzea. 652.000 euroko aurrekontua du.