Euskadiko babes zibileko boluntarioek 280.000 maskara higieniko banatuko dituzte garraio publiko kolektiboaren gune nagusietan

0

Segurtasun Sailak, Euskadiko babes zibileko boluntarioen bidez, gaur eta etzi asteartea 282.000 maskara higieniko banatuko dituzte EAEko garraio publiko kolektiboaren gune nagusietan, eta hemendik aurrera derrigorrezkoak izango dira zerbitzu hori erabiltzen duten guztientzat.

Osasun Ministerioak emandako maskara horiek lurralde historiko bakoitzeko biztanleriaren eta aurreikusitako bidaiari-kopuruaren arabera banatuko dituzte. Horrela, babes zibileko boluntarioek 148.000 maskara banatuko dituzte Bizkaian, 92.000 Gipuzkoan eta 42.000 Araban.

Segurtasun Sailak gogoratzen du maskara higienikoak direla, ez sanitarioak, erabili eta botatzekoak, eta maskara erabiliagatik, ahal den guztietan, agintari sanitarioek aholkatutako urruntze fisikoa eta gomendatutako higiene-neurriak bete behar direla.

ARABA

Gasteizen Gurutze Gorria arduratuko da autobus-geltokian, autobus-geralekuetan (Tuvisa, Arababus), Euskotrenen tranbia-geralekuetan eta ADIFen geltokian maskarak banatzeaz.

Bestalde, babes zibileko tokian tokiko elkarteek banatuko dituzte maskarak Euskotrenen Amurrioko eta Laudioko geltokietan, eta Gatzaga Buradon eta Gaubea herrietan.

GIPUZKOA ETA BIZKAIA

Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, maskarak banatzeaz DYA, Gurutze Gorria eta tokian tokiko babes zibileko elkarteak arduratuko dira, eta, besteak beste, honako instalazio hauetan banatzea aurreikusten da: Bilboko eta Donostiako autobus-geltokietan, Bilboko Metroko geltokietan (L1-L2) eta Euskotrenen (L3, sare nagusia eta Topoa) geltokietan, bai eta autobus-operadoreen geralekuetan (Dbus, Bilbobus, Lurraldebus eta Bizkaibus) eta hiru lurralde historikoetako Renfe-Aldiriko lineetan ere.