Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek hitzarmen bat onartu dute Elkargi Elkar Bermatzeko Sozietatearekin, hiru lurraldeetako enpresek indarrean dituzten maileguetan gabealdiak ezartzea errazteko, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiko egoeraren ondorioak arintzearren.
Akordio berri hori bat dator foru aldundiak hartzen ari diren ezohiko neurriekin, eta horien bidez ekonomia- eta enpresa-ehunari lagundu nahi zaio osasun krisiaren ondorioei ahalik eta baldintza onenetan aurre egiten. Bere helburua da enpresen eta autonomoen finantzaketa eta likidezia babestea, jarduera normaltasunez garatu ahal izateko dituzten zailtasun eta ezintasun garrantzitsuen aurrean.
Foru aldundiek eta Elkargik erraztu nahi dute finantza erakundeek gabealdiak ematea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresei dagoeneko formalizatuta eta Elkargik bermatuta dituen mailegu eragiketetan, epe labur eta ertainean iraunkortasuna eta segurtasuna ematen laguntzeko.
Hitzarmenaren helburua betetzera zuzendutako lanak gauzatzeko, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek 150.000 euro bideratuko dituzte, eta Arabakoak, berriz, 75.000 euro. Gabealdia eskatu nahi duten enpresek Elkargira jo beharko dute. Informazio gehiago https://www.elkargi.es/eu webgunean.