Lehendakariak «zuhurtzia eta zorroztasun handiena» eskatu du Euskadiko lehenengo fasearen lehen egunean

0
PRUEBA

Euskadi lehenengo fasean sartu den lehen egunean, Lehendakariak «zuhurtzia eta zorroztasun handieneko» mezu argia eman nahi izan du, «Egindako ahalegina eta egindako bidea ezin dugu bertan behera utzi». Gaur eguerdian Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera egindako bisitan luzatu duen mezua da. Bisitaren baitan pandemiaren unerik gorenean bertako profesionalek egindako ekintzak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan du.

«Euskadi deseskalatze-fase berri batean sartu da , eta horrek jarduera pixkanaka berreskuratzea dakar». Lehendakariaren arabera, hori dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa da prebentzio- eta autobabes-neurriak hartzea. «Euskal gizarteak heldutasuna, seriotasuna eta erantzukizuna erakutsi ditu», esan du, eta «norbanakoaren eta taldearen konpromisoan atzerapausorik ez emateko» eskatu du, egungo egoera sendotu ahal izateko.

Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetzako ospitale-sareko profesionalek pandemia honetan egunero egin duten ahalegina eskertu eta aitortu du. Nekane Murga osasuneko sailburuarekin eta Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko instalazioak bisitatu ditu. Ospitale horretan metatu dira Bizkaiko COVID paziente gehienak; pandemiaren unerik gorenean, 270 ospitaleratu izan zituzten plantan eta 75 paziente Zainketa Intentsiboko Unitatean.

GURUTZETAKO INSTALAZIOEN BISITA

Bisitan bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte COVID pazienteei arreta emateko birmoldatutako eremuetako batzuk, eta zerbitzu horietako osasun-profesionalak agurtu ahal izan dituzte, larrialdietakoak barne. Honako eremu hauek bisitatu dituzte:

  • Helduen eta haurren gimnasioa eta Kritikoen Unitate gisa —Zainketa Intentsiboetako Unitate gisa eta Anestesia eta Bizkortzeko Unitate gisa— gaitutako eremu garrantzitsuak, dagoeneko COVID-19az garbiak.
  • 2 A planta, eremu berdea, kritikoen unitateetan alta hartu duten pazienteak artatzeko prestatua eta zenbait zerbitzu medikoen diziplina anitzeko babesa izan duena: barne-medikuntza, infekziosoak, pneumologia, neurologia eta fisioterapia.
  • planta (Zainketa Intentsiboetako Unitatea) eta 6. planta (Anestesia eta Bizkortzea).

Pandemiaren hasieratik, 6.500 ospitaleratze baino gehiago egin behar izan dira Osakidetzaren sareko ospitaleetan eta 559 pertsona artatu behar izan dituzte kritikoen unitateetan. Era berean, 12.000 pertsona baino gehiago sendatu dira edo ospitaleko alta jaso dute.

Hilabete hauetan, Osasun Sailak eta Osakidetzak neurri zailak hartu behar izan dituzte, hala nola programatutako jardueraren zati bat etetea, COVID pazienteen zirkuituak gainerako pazienteez bereiztea, COVID pazienteentzako eremu espezifikoak gaitzea… Neurri beharrezko eta baliagarriak horiek egokitzapen-ahalegin handia eskatu diete Euskadiko ospitaleetako profesional guztiei.

Gainera, sarean lan egin da egonaldi ertaineko eta luzeko ospitaleekin, hala nola Santa Marina, Gorliz edo Eibarreko ospitaleekin, eta eskualdeetako ospitaleekin, hala nola Arrasatekoarekin, ospitaleratze gehien dituzten ospitaleetako pazienteak hartzeko.