Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzua arreta presentziala ematen hasiko da berriro

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, “Covid-19aren pandemiaren ondoriozko egoeraren deskonfinamenduan herritarrei arreta emateko neurriak ezartzen dituen Akordioa” onetsi du. Plangintza horren bidez, ostegunetik aurrera, maiatzaren 21etik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuaren arreta presentziala berreskuratuko da, pixkanaka.

Akordio horren helburua da ZUZENEANeko langileen eta honako bulego hauetara bertaratzen den publikoaren segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak ezartzea: Vitoria-Gasteizko Ramiro de Maeztu kalekoa, Donostia-San Sebastiángo Andia kalekoa eta Bilboko Kale Nagusikoa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak hiru aldaketa nagusi ezarri ditu:

  • Bulegoak ohiko ordutegian irekiko dira, 08:00etatik 19:30era, baina aurretiko hitzordua beharko da bertaratzeko. Astelehenean, maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak eus bidez hitzordua eskatzeko web-sistema jarriko du abian. Sistema erraza da eta mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik irisgarria. Gainera, aurretiko hitzordua emateko makinak jartzen ari dira bulegoetan, eta bulegoak eurak irekitzen diren egunetik egongo dira erabilgarri. Eusko Jaurlaritzak pertsona eta izapide bakoitzarentzat arretarako 15-20 minutuko denbora ezarri du; beraz, ZUZENEAN zerbitzuaren postu bakoitzak egunean 25 edo 30 pertsonari emango diela arreta kalkulatzen du.
  • Arreta presentziala hasiera batean izapideei erantzuteko eta dokumentazioa erregistratzeko baino ez da zabalduko. Herritarrentzako kontsulta- eta informazio-zerbitzua 012 telefonoaren, Telegram bat-bateko mezularitza-zerbitzuaren (688 671 234) eta eus-eko kontaktu-buzoi digitalaren bidez eskaintzen jarraituko da. Une hauetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko taldeak egunean ia 3.000 kontsultari ematen die arreta, hiru kanal horien bidez.
  • Eusko Jaurlaritza bulego guztietan babes kolektiboko neurriak ezartzen amaitzen ari da, esaterako, manparak, eserlekuak urruntzea edo kentzea, markak lurrean, sartzeko kontrolak edo gel hidroalkoholikoen banagailuak, gune komunak garbitzeko plan bereziak etab.

HERRITARREN HARREMANAREN DIGITALIZAZIOA

Euskadin, administrazio-prozedura gehienak digitalizatuta daude, eta online egin daitezke, identifikazio ofizialeko sistema baten bidez. Gainera, Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez (egoitza elektronikoa euskadi.eus-en), edozein eskabide, idatzi edo jakinarazpen baliabide elektronikoen bidez aurkez daiteke. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren sail guztiak beren prozeduren errepaso zorrotza egiten ari dira, administrazio digitalari bultzada bat emateko eta online kudeaketaren esperientzia hobetzeko.

Helburu horretarako, Eusko Jaurlaritzak erabaki du aurrerantzean ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetara izapide presentzialen bat egitera doazen pertsona guztiek unean bertan identifikazio digitaleko sistema bat eskuratzea, ofiziala eta doakoa; haren bidez, beren izapidearekin jarraitu edo lineako segimendua egin ahalko dute. “B@kQ” IZENPE Autentifikazio, Ziurtapen eta Sinadura Digitalaren Euskal Agentziak ematen duen eta erabiltzeko oso erraza eta segurua den identifikazio elektronikoko baliabidea da.

Identifikazio-sistema hori, gainera, besteak beste, LANBIDEren bulegoetan, KZ Guneetan, osasun-zentroetan eta hainbat udaletan eskura daiteke, administrazioarekiko harreman digitala eta segurua bermatzeko.