Astelehenean irekiko da UDA kanpainako ikastaroetan aurretiko izen-emateko epea

0

Donostiako udala, Donostia Kirola eta hiriko beste 37 kirol-elkarterekin batera, udako ikastaroen UDA kanpaina bat prestatu du, Covid19k sortutako egoerara egokitua. Hori dela eta, eskaintza txikiagoa izango da, eta higiene eta desinfekzio-neurri zorrotzak aplikatuko dira ikastaro guztietan.

Oraingoz, ikastaroetarako aurretiko izen-emateko fasearen datak argitaratu dira. Donostia Kirolaren web orriaren bidez bakarrik egin ahal izango dira on line, eta aurten aplikazio berri bat izango da izena emateko. Aurreinskripzio horiek maiatzaren 18tik 21era bitartean egin daitezke, eta 22an zozketa egingo da.

Fase honetan, pertsona bakoitzak ikastaro berean aurretiko izen-emate bakarra onartuko da, baina pertsona berak lau ikastaroetan eman dezake izena. Taldean ere egin daitezke aurreinskripzioak, eta gehienez ere lau lagun onartzen dira ikastaro bakoitzerako. Taldeko aurreinskripzio horiek zenbaki bakar batekin hartuko dute parte zozketan, eta emaitza berdin-berdin lotuko zaie taldeko kide guztiei.

Ikastaroak, oro har, ekainaren 22an hasiko dira, udal igerilekuetako igeriketa ikastaroak izan ezik, horiek uztailaren 6ra arte atzeratuko baitira. Nolanahi ere, ikastaroak osasun arloko arduradunen agindupean egon beharko dira, bai hasiera datari dagokionez baita jarduera hauek egingo diren tokiei dagokionez, adibidez, hondartzen erabilera, hemen kanpaina honetako ikastaro asko egiten baitira.

Kanpaina honetan ikastaroak antolatzen dituzten kirol entitateek ahalegin handia egin dute eskaintza egungo egoerara egokitzeko. Hala, ikastaroetako plaza kopurua murriztu egin da eta monitore eta parte-hartzaileentzako segurtasun protokoloak ezarri dira. Arreta berezia jarri da erabilitako materialak eta jarduera horiek egiteko espazioak desinfektatzeko.