Hezkuntza Sailak 1,2 milioi euro bideratu ditu Ulibarri hizkuntza-normalkuntzarako programarako

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza Sailburuaren proposamenez, onartu du 2020-2021eko ikasturterako gehienezko diru-laguntzak zehazten dituen Agindua, hizkuntza-normalkuntzarako Ulibarri Programan parte hartzen duten edo hartu nahi duten ikastetxeei zuzendutakoak. Halaber, Programan sartzeko edo jarraitzeko baldintzak zehaztu eta dedikazio-orduak finkatzen dira.

Ulibarri Programako ikastetxeetako hizkuntz normalkuntzarako proiektuek eskoletako egunerokoan euskararen erabilpena sustatzea dute helburu nagusia. Ikastetxe hauek, eragile guztien artean euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat adosten dute. Ikastetxeko Normalkuntza Proiektua egiteko, egoera aztertu eta diagnosia egiten dute zentro hauek. Ondoren, lau urterako proiektua (HNP) zehazten dute, eremuz eremu honako hauek definituz: helburuak, abiatuko diren jarduera motak, arduradunak, ebaluaziorako adierazleak eta denboralizazioa.

Ulibarri Programaren baitan garatzen diren hizkuntza normalizazioko proiektuak ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren loturan diseinatuko dira. Izan ere, pentsaezina gertatuko litzateke euskararen erabilerarako normalizazio proiektu baten garapenak harremanik ez izatea goragoko maila batean dagoen Hizkuntza Proiektuan hartzen diren erabakiekin. Era horretan, normalizazio proiektuak (orain arte eskola-orduetatik kanpo eragiten zuenak) eskola-orduetan ere eragin behar du, euskararen didaktikarekin eta erabilitako metodologiarekin erlazionatuta dauden eremuak indartuz.

2019-2020 ikasturtean, Euskadiko 409 ikastetxek hartu dute parte Ullibarri programan: 234 ikastetxe publiko eta 175 itunpeko.