1.788.602 pertsonak eman ahal izango dute botoa Eusko Legebiltzarra hautatzeko

0

Uztailaren 12ko hauteskundeetan, 2020ko martxoaren 1ean itxitako hautesle-erroldaren arabera eta EINk ematen dituen datu eguneratuak gorabehera, guztira Euskal Autonomia Erkidegoko 1.788.602 pertsonak eman ahal izango dute botoa datorren legealdian (2020-2024) Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak hautatzeko.

Azken hauteskundeetan 1.778.776 pertsona zeuden 2016ko irailaren 25eko hauteskundeetan botoa ematera deituta. Horrek adierazten du hautesle-erroldak 0,55 egin duela gora 2016koarekin alderatuta. Lurraldeei dagokienez, adierazi behar da 947.393 Bizkaikoak direla, 583.063 Gipuzkoakoak eta 258.146 Arabakoak.

Atzerrian bizi diren eta botoa emateko eskubidea duten pertsonei dagokienez, 2020an 75.669 pertsona egongo dira egoera horretan.

Hauteskunde Batzordeak dira prozesu osoa behar bezala joango dela zaintzeaz arduratzen direnak. Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak, prozesuaren arduradun nagusiak, juristek eta judikaturako kideek osatutako lurralde historikoetako hiru batzarren eta eskualdeko beste hamar batzarren laguntza izango du.

Datozen asteotan zehaztuko dira Eusko Legebiltzarrerako datorren uztailaren 12ko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai-zerrenden datuak.

 Hauteskunde-prozesuaren urrats nagusiak

Deialdia EHAAn argitaratu ondoren emango dira hauteskunde-kronogramako lehen urratsak. Zehazki, alderdi politikoek maiatzaren 20tik 27ra bitartean izendatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean hautagai-zerrendetako ordezkari nagusi izango diren pertsonak, eta hurrengo egunetan izendatu beharko dituzte hautagai-zerrendak barruti bakoitzean ordezkatuko dituzten pertsonak, administratzaile orokorrak, ahaldunak, artekariak eta abar.

Deialdia egiten den une beretik kanpainaren hasiera ofizialera bitartean, debekatuta dago hauteskundeetarako propaganda egitea kartel bidez, merkataritza-euskarri bidez edota hedabideetan. Aldi berean, udalek, kanpaina hasten denean, hauteskunde-propagandarako eta hauteskunde-egintzetarako erabiliko diren lekuak eta espazioak izendatu beharko dituzte.

Posta bidez bozkatu nahi dutenek gaurtik, asteartea, uztailaren 2ra bitartean eskatu ahal izango dute posta bidez bozkatzeko aukera. Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren eta bozkatu nahi duten pertsonek maiatzaren 19tik ekainaren 13ra bitartean eskatu ahal izango dute. Halaber, gaur hasten da braillen bozkatzeko aukera eskatu nahi dutenentzako epea.

Maiatzaren 25etik aurrera egongo da ikusgai hauteskunde-errolda udaletan eta kontsulatuetan, eta egun horretan zabalduko da arlo horretako erreklamazioak egiteko epea. Egun horretan bertan emango dira argitara hiru Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan hauteskundeetarako sekzioak, lokalak eta mahaiak.

Ekainaren 13tik 17ra bitartean, hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak egingo dira. Ekainaren 14tik 20ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaiak osatuko dituztenei, eta argibideen eskuliburuak emango zaizkie.

Ekainaren 16ean EHAAn argitaratuko dira hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.

Bozketaren egunean, uztailaren 12an, mahaiak goizeko bederatzietan zabalduko dira eta arratsaldeko zortzietan itxiko dira, eta une horretan emango zaio hasiera emaitzak zenbatzeari.

Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeek zenbaketa orokorra legeak ezarritako egunetan egingo dute, eta kargu hautetsiak beranduenera jota abuztuaren 1ean aldarrikatzea aurreikusten da. Errekurtsoak jartzeko epe guztiak amaitu ondoren, emaitzak behin betiko argitaratuko dira EHAAn, eta hori abuztuaren 8a baino lehen izango da. Legebiltzarra osatzearekin emango zaio hasiera, modu ofizialean, legebiltzarreko hamabigarren legegintzaldiari.

Bozkatzeko zentroak

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetako datuen arabera, urte hartan guztira 720 lokaletan eman ahal izan zuten botoa boto-emaileek (101 Araban, 338 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan), eta guztira 2.593 mahai izan ziren. Hauteskunde horietan 7.779 herritarrek osatu zituzten hauteskunde-mahaiak, eta horiei beste 15.558 ordezko gehitu behar zaizkie. Herritar horiek arduratu ziren hauteskundeak behar bezala bideratzeaz.

Botere publikoek arreta berezia jarriko diote desgaitasunak dituzten pertsonek gainerako herritarren baldintza beretan botoa eman ahal izateari. Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan bezala, entzuteko desgaitasuna duten eta hauteskunde-mahaikide suertatzen diren pertsonek zeinu-hizkuntzako interpreteen laguntza izango dute, hala nahi badute. 

Informazio zehatza webgunean

Prozesuaren egutegia, bozkatzeko eta postaz bozkatzeko prozedurak, hauteskunde-gida, mahaikideentzako gida eta inprimaki elektronikoak dira www.hauteskundeak.eus webgunean kontsultatu ahal izango diren atal eta informazioetako batzuk. Webgune hori laster aktibatuko da, eta uztailaren 12ko hauteskunde-deialdiari buruzko informazioa kontsultatu nahi duen edonorentzat egongo da operatibo.

Webgune horretan kontsultatu ahal izango da Eusko Legebiltzarra berritzeko abian jarri den prozesuaren alderdiei buruzko informazio zabala eta zehatza.

Era berean, Euskadin egin diren aurreko hauteskunde-deialdiei buruzko datuak eta emaitzak ere kontsultatu ahal izango dira bertan.

Hauteskunde-prozesuarekin erlazionatutako albisteak eta datu interesgarriak ia denbora errealean emango dituen @hauteskundeak Twiter kontura harpidetzeko aukera ere eskaintzen du webguneak. Aurreko aldietan bezala, herritarrek 012 telefonoa ere erabili ahal izango dute galdera eta kontsulta pertsonalizatuak egiteko.