“Krisialdiak lankidetzan gainditzen dira”

0

Gaur, maiatzak 25, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Euskal Fondoak bat egin dute Estatuko lankidetza deszentralizatuek aurkeztutako baterako adierazpenarekin COVID-19aren krisialdia dela-eta; adierazpen horren bitartez, “mundu konplexu, aldakor eta elkarren mendeko batean garapen jasangarria sustatzeko ezinbestekoak diren proposamenak” adostu dituzte. Joan zen otsailean, lankidetzan ari diren autonomia-erkidegoen arteko urteroko topaketa izan zen Euskadin, eta baterako ekintzak bultzatzeko adierazitako interesaren eta hartutako erabakiaren ondorioa da adierazpen hau; 2021eko Topaketa Extremaduran izango da. Adierazpenak helburu komuna du dokumentua sinatu duten 17 Autonomia Erkidegoenzat eta Elkartasun eta Lankidetzarako Funtsen Konfederazioarentzat: pertsona guztien eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea eta bizitza duina erdigunean jartzea.

“Autonomia-erkidegoek eta tokiko erakundeek aliantza eta adostasun politiko eta sozialak sendotzearen alde egiten dugu, horien bitartez lankidetzak inbertsioak egiten jarraitu ahal izan dezan eta inor atzean utziko ez duen orainaldi bat eta etorkizun bat bermatzeko lagungarri izaten jarrai dezan”, adierazi dute gaur egindako baterako adierazpen honetan. “Krisialdiak lankidetzan gainditzen baitira”, diote, garapenerako lankidetzako politikaren barruan adostasunaren aldeko apustu irmoa eginez.

Ildo beretik, COVID-19ak gizarteetan eragin dituen ondorioak ikusita, eta ondorio horiek, zalantzarik gabe, ekonomiaren, gizartearen eta politikaren arloetan eraldaketa globala bizkortuko dutenez, lankidetza deszentralizatutik egungo erronkei tokiko-global ikuspegi batetik begiratuta aurre egitea proposatzen dute, ikuspegi koordinatu eta osagarri batetik. “COVID-19aren krisialdian, elkarrekiko dugun mendekotasun geografikoaz gain, garapenaren eremuak ere elkarren mendeko direla geratu da agerian: osasuna, ekonomia, gizarte-babesa, ingurumena… 2030 Agendaren ikuspegi integralak egun bizi dugun krisialdiari aurre egiteko aukera bat ematen digu”, diote akordioan.

Bestalde, lankidetza deszentralizatuek premiazkoa dena eta garrantzitsua dena orekatu egin behar direla adierazi dute: “Egoera larria da, eta larritasun horrek epe ertain eta luzeko alderdiei ere lehentasuna ematera behartzen gaitu, hala nola ondasun publiko globalen balioa handitzeari, klima-aldaketaren ondorioei edo migrazio handien arrazoiei”.

Baterako adierazpen honetan jasotako akordioak bat datoz pandemiarekin nabarmen geratu diren erronkekin; besteak beste, jasangarritasunaren bidean aurrera egitea, publikotasuna indartzea, arrakala edo etenak murriztea (baita digitala ere) eta tokikoaren alde egitea. Gainera, “pandemiari emandako erantzunean emakumeen funtsezko ekarpena nabarmendu da”, diote, eta horregatik, garapenerako lankidetzako politiketan genero-ikuspegia indartzea ere proposatu dute.

Azkenik, gizarte zibil antolatua indartzearen alde ere egiten dute, eta politika publikoen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte har dezala nahi dute, “pertsona eta talde zaurgarriengandik hurbil dagoenez, bermatu baitezake haien eskubideak defendatzen direla eta inor ez dela atzean geratuko”, ziurtatu dute Lankidetza deszentralizatutik. “Nazioarteko elkartasuna erantzukizun partekatua eta ezinbestekoa da planetaren etorkizuna bermatzeko”, diote, amaitzeko, baterako idazkian.

2 milioi euro baino gehiago bideratu dira Tinduf-eko kanpalekuetarako eta Palestinako errefuxiatuentzat.

LANKIDETZA DESZENTRALIZATUEK COVID-19aren KRISIALDIA DELA-ETA EGIN DUTEN “KRISIALDIAK LANKIDETZAN GAINDITZEN DIRA” BATERAKO ADIERAZPENArekin batera, autonomia-erkidegoek elkartasuneko BATERAKO KEINU bat egitea ere adostu dugu, gaur egungo egoeran dauden erronkei erantzutearren.

Esparru horretan, lekuz aldarazitako herritarrekin eta errefuxiatuekin lotutako bi deialdiri erantzuten ari gara Autonomia Erkidegoetatik, COVID-19aren krisialdiaren eraginez zaurgarritasun-egoera bereziki larrian dauden aldetik. BATERAKO KEINU horrekin, Tinduf-eko sahararren kanpalekuetako eta Palestinako errefuxiatuen premia bereziei erantzuten diegu; azken hau UNRWA Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren bitartez. Ekimen horietarako, BATERAKO KEINU horretan 2.455.000 euroko ekarpena egiten ari gara Autonomia Erkidegoak.

Autonomia-erkidego bakoitzak lankidetza-politika propioak ditu, baita proiektuetarako dirulaguntzen lerroak ere. Baterako ekimen hau KEINU bat baino ez da, eredugarri izan dadin eta agerian gera daitezen bai tokiko-global elkartasunarekin dugun konpromisoa, bai autonomia-erkidegoek garapenerako lankidetzaren alde betetzen jarraitu behar duten eginkizuna.

“Krisialdiak lankidetzan gainditzen dira” mintegi birtuala. 

COVID-19ak lankidetza deszentralizatuari ekarri dizkion erronken gaineko hausnarketarekin jarraitzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren ekimenez, autonomia-erkidegoetako garapenerako zuzendaritza eta agentziek eta garapenerako lankidetzako funtsek mintegi birtual bat egingo dute gaur arratsaldean, 18:00etan, eta edonork jarraitu ahal izango du:

 https://www.youtube.com/watch?v=vP3fZtRFsnQ. Mintegi horretan, adituek hausnarketak egingo dituzte lankidetza deszentralizatuaren erronka nagusiak zeintzuk diren identifikatzen laguntzeko, eta testuinguru horretan erabakiak hartzeko kontuan izan beharreko elementuak ere eskainiko dituzte.