Lanbideko bulegoek ekainaren 1ean ekingo diote berriro arreta presentzialari

0

Datorren ekainaren 1etik aurrera, astelehenetik aurrera, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoek berriro ekingo diote jendeari arreta emateko zerbitzuari. Horretarako, Lanbideko erabiltzaile eta langileen osasuna babesten duten neurriak sustatuko dira. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak, gaur goizean, Salburuako bulegoa bisitatu dute, Vitoria-Gasteizen; bertan, dagoeneko, osasun-segurtasuneko neurri guztiak ezarri dira. Neurri horiek Lanbideren 42 bulegoen sarera zabalduko dira: metakrilatozko manparak, distantziak gordetzeko markak eta edukiera mugatua adierazteko kartelak, bai eta gel higienizatzaileak eta/edo paper-zapi garbitzaileak ere, besteak beste. Modu berean, haietako guztietako ohiko garbiketa sendotuko da.

Artolazabal sailburuak azaldu duenez, “berriro irekitzeko, osasun-segurtasuneko gomendio eta irizpideak beteko dira, eta pertsona guztiak babestuko dira”. Hori dela eta, bulegoetan pilaketarik ez egoteko, aurretiko hitzorduaren sistema sustatuko da. Aldi berean, komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraituko da, etxetik egin daitezkeen izapide guztiei bide emateko. “Helburua da bulegoetan ahalik eta jende-kopuru txikiena batzea eta geletan itxaroteko denborak murriztea”, esan du.

Nahi dutenek aurretiko hitzordua eskatu ahalko dute, Lanbideren webgunearen bidez, www.lanbide.euskadi.eus edo erakundean herritarrei arreta emateko dauden telefonoen bidez, 945 160 600 / 630 305 452. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, “Lanbidek aurretiko hitzorduen egutegia diseinatu du eta, horretarako, denborak banatu ditu esku-hartze bakoitzerako, bulego bakoitzeko itxarongelan tamainaren arabera edukiera mugatu bakoitzak onartzen duen pertsona-kopurua baino handiagoa ez batzeko».

Gainera, sailburuak nabarmendu du hitzordura iritsi izana egiaztatzeko itxarongelan dagoen idulkiarekin egon behar den elkarreraginean kontaktu fisikorik ez egoteko, Qmatic Mobile sistema ezarri dela. Hitzordua eskatzean, QR kodea bidaltzen zaio erabiltzaileari. Idulkiak QR kodearen irakurgailua duenez, pertsona bulegora iristean mugikorrarekin kodea irakurgailura hurbiltzean txartel birtuala sortuko da, eta ez da kontakturik behar izango horretarako. “Sistema horrek hitzordua aktibatuko du, eta itxarongelako bertako pantailan agertuko da, eta mugikorrera bidaliko da, halaber, mahaiaren deia; horrela, jendeak bere txanda bulegotik kanpo itxaron ahalko du, beharrezkoa bada”.

Babes-neurri kolektiboak direla eta, bulegoetara doazen erabiltzaileek maskara eraman behar dute, ezinbestean; bakarrik joan beharko dute, posible denean; arreta jaso aurretik eskuak paper-zapiz edo gel higienizatzailez garbitzeko eskainiko zaie, eta dokumentazio guztia aldean eramatea gomendatuko zaie, bereziki NANa eta/edo pasaportea. Era berean, beren datuak jaso dituzten inprimakiak aurkeztu behar badituzte, inprimaki horiek Lanbideren webgunetik deskargatzeko eskatuko zaie eta beteta eraman ditzatela, ahal den neurrian, erabiltzaile bakoitzari arreta emateko denborak arintzeko.

Komunikazio telematikoa sendotzea

“Plantillaren ahaleginari esker, jauzi teknologikoa eman da harremanetarako bide telematikoak irekitzeko, pandemiaren ondorioz bulegoak itxi behar izan dira eta. Horri esker, Lanbide zabalik egon da, eta baliabideak eskaini ditu bi hil hauetan”, esan du sailburuak. “Beharrizana dohain bilakatu da, eta nabarmen sustatu dugu Lanbideren modernizazio-prozesua; bost urte barrurako aurreikusten ziren helburuak bete ditugu”. Hala, Euskal Enplegu Zerbitzua gai da bide telematikoak are gehiago sustatzeko; horrek egunotan esan nahi du, Artolazabalen hitzen arabera, “erabiltzaile eta langileen osasuna babestea”. “Saihesten ditugun joan-etorriek murriztu egiten dituzte arriskuak”.

Hala, Lanbide arreta presentzialera bueltatuko da, baina, halaber, komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraituko du eta, horretarako, bere web-kanalean eta harremanetarako telefonoetan bulego batera joateko beharrik gabe egin daitezkeen izapide guztiak jarriko ditu:  Lanbiden izena ematea, NireLanbidenet-era sartzeko pasahitzak eskatzea, LEABD (enplegua eskatzeko txartela) dokumentua eskatzea, berriztatze-dataren informazioa eskatzea, ziurtagiriak bidaltzea (izen-ematearena, izen-ematearen aldiena, urteko kobrantzena, espedientearen egungo egoerarena), prestakuntza-ikastaro bateko aurretiko izen-ematea edo enplegu-eskaintzetako izen-ematea.

“Jauzi horrek hobekuntza ekarriko die herritarrei; izan ere, administrazio irisgarriagoa izango dute, eta, halaber, Lanbideren azpiegiturarako ere bilakaera da, hala lantzen ari garen orientazio-eginkizun pertsonalizatuari denbora eta ahalegin gehiago eskaini baitakizkioke”.

Aurrerapauso hori, nolanahi ere, Lanbiderentzat menderaezinak diren bi irizpideri eutsiz ematen da: batetik, hala behar duten pertsona guztiek Lanbideren arreta jasotzen jarraituko dutela bermatzea eta, bestetik, sarbide unibertsala ziurtatzea, baita baliabide telematikoetara ere. Horretarako, Lanbidek akordioa du KZ Gunearekin, eta, haren bidez, pertsona batzuek oztopo izan dezaketen eten digitala gainditu ahalko da. Akordio horri esker, hala behar duten pertsona guztiek mekanismo ez-presentzial horietara KZ Guneko bulegoen bidez jo ahalko dute.