Barakaldoko Udalak astelehen honetan berreskuratuko du aurrez aurreko arretaren zati bat. Euskadi II. fasean sartzen bada, herritarrak pixkanaka udaletxera itzuli ahal izango dira tramite jakin batzuk egitera. 010 telefono-zenbakiaren bidez egingo da arreta, eta ezinbestekoa izango da udaletxera maskara jantzita sartzea, joan den asteazkeneko ministerio-agindua betez, espazio eta eraikin publikoetan maskarak erabiltzera behartzen baikaitu.
Laneko Arriskuen Prebentziorako eta Laneko Osasunerako Zerbitzuarekin, Barne Kudeaketa eta Antolaketa Arloarekin, udal-arloetako zerbitzuburutzekin lantzen du Udalak konfinamendua arintzeko plana, pandemiaren fase berriei aurre egiteko eta herritarrentzako zerbitzuak pixkanaka berreskuratzeko. Lan hori sindikatuei helarazi zien eta atzo eztabaidatu zuten batzorde paritarioan.
Horrela, herritarrentzako arreta-guneak udaletxeko behe solairura eraman dira, hau da, kalera. Tramitea aurrez aurre egin nahi duten herritarrek 010era deitu, eta hitzordua eskatu beharko dute. Gainera, joan den asteazkeneko ministro-aginduaren arabera, derrigorrezkoa izango da eraikinean sartzean maskarak erabiltzea, espazio publikoa delako.
HAZ bulegoetako hiru lanpostutan aurkeztu ahal izango dira tramiteak, bai eta honako hauekin lotutako kudeaketak egingo ere: obrak (lizentzia-eskaerak), udal zerbitzuak, ingurumena, zerga-kudeaketa (zergen ordainketa), kultura (diru-laguntzen eskaera) eta Gizarte Ekintza (Zaballako eraikineko behe solairuan ere prestatu dira). Bi ordenantza egongo dira, ilarei eta aurretiko hitzorduei erantzuteko: bata udaletxean eta bestea Gizarte Ekintzan.