BAT kargatzeko aplikazio berriak 9.000 eragiketa gainditu ditu

0

Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) —Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen dute— gailu mugikorretarako BAT NFC aplikazioa jarri zuen abian joan den urtarrilean; BAT txartelean kontsultak egitea eta hori kargatzea ahalbidetzen du tresna horrek. Geroztik, 9.000 eragiketa baino gehiago egin ahal izan dira aplikazioaren bidez. Zehazki, 9.477. Batez besteko karga 10,85 eurokoa da.

AMAren lehendakari Amaia Barredok aplikazioa erabiltzen jarraitzera animatu ditu herritarrak, eta horren erabilgarritasuna gogorarazi du, are handiagoa une honetan: «aplikazioa BAT txartela kargatzeko modurik ziurrena da, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko gomendio sanitario guztiak betez». AMA osatzen duten erakundeek gogora ekarri dutenez, garraio publikoaren sare osoan hainbat neurri ezarri dira azken hilabeteetan bidaiarien osasuna eta segurtasuna babesteko. Orobat, garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dute.