Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera indarrean sartzeak ez du aldaketarik izango DSBE-aren onuradunen egoeran

0

Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onetsi izanak ez du eraginik izango gaur egun Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenengan, ez eta etorkizunean errenta horretara jo dezaketenengan ere, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez. Urrian prestazio berri hori eskualdatzen amaitu arte, bi gobernuek kudeaketa-agindua adostuko dute, herritarrei zerbitzua eman ahal izateko, betiere Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Sailburuak zera argitu nahi izan du, “negoziazioa ez dela inoiz aurrezki ikuspuntutik planteatu”. “Ez da gure kalkuluetan eta erreflexioan egon. Erreala dena zera da, Euskadik Estatuak inbertituko duela baino gehiago bideratuko duela ahulen diren kolektiboei errenta bat eskaintzeko”.

Artolazabalek bi gobernuen artean egon den negoziazioa balioetsi du; negoziazioak akordio “luzea, zaila, neurrizkoa eta leiala” ekarri du. “Xehetasunez jositako lana izan da. Lan konplexua. Baina emaitzak izan ditu”. Akordio horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ezarrita zituen hiru premisak bete ditu: “bateragarritasuna, osagarritasuna eta leihatila bakarra, Lanbiderena”. “Akordio hori onuragarria da herritarrentzat eta euskal autogobernuarentzat. Efizientzia gehiago ekarriko du kudeaketan. Eta pozik gaude”.

Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Borja Belandia Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarekin batera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, prentsaurrekoan, honako hau nabarmendu du: “gure foru-ogasunen aitorpena lortu dugu bizitzeko gutxieneko diru-sarrerara jotzeko baldintzak ezartzeko orduan, bai eta Euskadiren eta estatuaren arteko aldebiko harremana bermatzea eta Ekonomia Itunaren sistema aitortzea ere Kupoaren negoziazioaren bidez, eta, halaber, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketaren inguruko transferentzia lortu dugu, etorkizunean Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskualdatzea aztertzeko lehen urrats eraginkor gisa”.

Gainera, Artolazabalek esan du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera egiteko, besteak beste transferentzia horren alderdi ekonomikoen zehaztapenean aurrera egiteko

DSBEaren abala

Beatriz Artolazabalek esan duenez, “Euskadin gutxieneko errenten ibilbidea luzea da”. Hala gogorarazi du egungo diru-sarrerak bermatzeko errenta Eusko Legebiltzarrean legez onetsitako eskubide subjektiboa dela, hiru hamarkadatako esperientzia duela eta estatuan mota honetako errenta aitzindaria izan zela. “José Luis Escrivá Gizarte Segurantzako, Inklusikoko eta Migrazioetako ministroak berak DSBEaren eredua goraipatu du”.

Hori horrela, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren legeria prestatzeko, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena honako hau izan da “ezagutza, kudeaketaren inguruko esperientzia eta hamarkadetan zehar bildutako ondo egitea” . Hori dela eta, euskal ordezkaritzak Escriváren ministerioaren zirriborroak “orrazten eta hobetzen” lagundu du, “zuhurtasunez eta leialtasunez”.

DSBEak, Artolazabalek esan duenez, “une latzetan jende askori lagundu die”. Hori dela eta, honako hau esan du: “bizitzeko gutxieneko diru-sarrera estatuan 1990ean gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera Euskadin izan zena da. Estatuaren eremuan aberastasuna birbanatzeko ahalegina dakar; Euskadin 30 urte daramatzagu horretan. Eta emaitzak agerikoak dira: estatuaren pobrezia-tasak baino baxuagoak ditugu, Europako herrialde aurreratuenekin bat datozenak”, esan du.

Euskadiko gutxieneko errenta sistema berebizikoa izan da azken hamarkadetan pobrezia eta desparekotasunei aurre egiteko. Horrela erakusten du ISEAK Fundazioaren txostenak, Eurostateko datuetan oinarritzen dena: pobreziareni intzidentzia Euskadin (%18koa) Espainia osokoarekin alderatuta (%26koa) nabarmen baxuagoa da, eta Euroa konpartitzen duten herrialderena ere (%22koa), altuagoa da. Fundazio honek simulazioa egin du DSBEa egongo ez balitz, eta horretan, argi gelditzen da politika honek Euskadin izan duen eragina pobrezia eta desparekotasunei begira. Izan ere, DSBEa ezinbestekoa izan da zentzu horretan, batez ere, krisi ekonomiko garai latsenetan. Errenta hau egon izan ez balitz, pobrezia larriena %8an kokatuko litzake eta ez %5,1a errealean. Hau da, 61.262 pertsona gehiago kokatuko lirateke pobrezia larrieneko egoeran Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta existituko ez balitz.

Estaldura handiagoa

Artolazabalek gainera nabarmendu du diru-sarrerak bermatzeko errentak gehiago barne hartzen duela, bai termino kolektiboetan -pentsiodunak eta legezkoak ez diren egoiliarrak-, bai zenbatekoen terminoetan (kasu bat baino ez dago DSBEan baino egoera hobean, eta kasu hori hobetzea aurreikusten zen planteatutako erreforman). “Inolako zalantzarik gabe, esan dezakegu gure DSBEa laguntza berria baino garantistagoa dela”.

Adierazi duenez, Euskadin, 20.000 titular inguru, pentsiodunak eta erresidentzia gabeko emigranteak bezala, ez dute BGDS jasoko baina bai Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Beraz, beste erkidego batetan biziko balira, ez lukete laguntzarik jasoko.

Hori horrela, sailburuak datorren legegintzaldian diru-sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko aukera aipatu du. “Nire ustez, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera abian jartzea albiste ona da, eta alderdi politiko batzuentzat errealitate-ariketa bat izan da, errealismo politikoarena”. Hala, Artolazabalen iritziz, egoera berri horrek “akordio zabalagoetara iristea sustatuko du”, datorren legegintzaldian DSBEaren kudeaketaren arauketa “arinagoa eta malguagoa izateko eta, hala, lan-merkatu aldakorrera egokitu ahal izateko eta, aldi berean, kargura adingabeak dituzten familia gurasobakarrek etekin handiagoa atera ahal izateko, gure proposamenean aurreikusten genuen bezala”.