011Iñigo Urkullu Lehendakariak, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen txandakako presidente gisa, gutun bana bidali die Espainiako Gobernuko presidenteari eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroari, hiru gobernuen izenean, kasu batzuetan beren biztanleen mugaz gaindiko mugikortasuna zabal dezala eskatzeko, besteak beste, familiako, gizarte eta ekonomiako eta osasuneko harremanak tartean direnean.
Helburua da gaur egun Covid-19aren ondorioz mugaren bi aldeen artean mugitzeko dagoen debekuaren salbuespenak zabaltzea eta, hala, honako kasu hauetan mugikortasunerako aukera ematea:
- Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN) edo antzeko izaeradun beste erakunde batek finantzatutako mugaz haraindiko proiektuak.
- Mugatik hurbil bizi eta egunerokotasuna alde bietan egiten dutenak. Familiako, gizarte eta ekonomiako arrazoiak; ez, ordea, aisiagatiko kasuak.
- Ohiko mugikortasuna osasun-motiboengatik: kontsulta medikoak eta paramedikoak.
Eskaera hori bera egingo du gaur arratsaldean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak, “Europar Batasunaren inguruko gaietarako konferentzia”ren (CARUE) bileran. Bilera bideokonferentziaz egingo da eta, hartan, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Mikel Antón Europako Gaietarako zuzendariak ere parte hartuko dute.
Euskadiko eta Akitaniako gobernuek Euroeskualdea sortu zuten 2011n espazio kohesionatua, lehiakorra eta harremanetan aberatsa dena finkatzeko helburuarekin. Ondoren, Nafarroako Gobernuak bat egin zuen proiektuarekin, eta ordutik, 3 exekutiboek gero eta lankidetza handiagoa bultzatzen dute hainbat eremutako eragileen artean (kultura, enpresa, unibertsitateak, kirola, etab.). Covid-19aren krisiak eta hari aurre egiteko dauden murrizketek eragin zuzena izan dute mugaz haraindiko harremanean, eta, ondorioz, harreman hori minimoetan dago; hala ere, egoera hori ez litzateke behar baino gehiago luzatu beharko. Euroeskualdeak sustatzen dituen mugaz haraindiko proiektu guztiek eragin latza jasan dute beren garapenean, eta haietako asko atzeratzen ari dira, Euroeskualdeko espazioaren barruan mugitzeko askatasunik ez dagoelako.