Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearekin izan diren pertsonen erdia egoera horretatik irten da

0
urku

Jardueraren suspertzea euskal lan-merkatua dinamizatzen hasten ari da, eta Covid-19aren pandemiaren ondorioz aldi baterako erregulazio-espedientearen eraginpean egon diren pertsonen ia erdia dagoeneko irten da egoera horretatik. Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak kontabilizatu du martxoaren erdialdetik maiatzaren 28ra arte ABEEEren eraginpean egoteko eskabide metatuak 200.652 pertsonaren ingurukoak izan direla Euskadin. Hilabetea amaituta, 100.300 pertsonak jarraitzen zuten ABEEEren eraginpean eta prestazio horretan altan emanda, ia erdiak. Egoera hori amaitzeko hainbat arrazoi izan dira tarteko, baina gehienak beren lanpostura bueltatu dira.

Izan ere, maiatzean zehar, Lanbide 169.768 pertsona zenbatzera ailega da egoera horretan. Hilea amaitzean aldiz, 100.300 dira. 67.421 pertsona euren lanpostuetara itzuli dira eta 2.227 langabezi egoerara.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak honako hau nabarmendu du: “hasi gara tunelaren amaieran argia ikusten, eta gure jarduera hasi da suspertzen, baina oraindik ez zaio aurreko erritmoari heldu, eta horrek jarraitzen du ondorioak uzten”. Maiatzean, Euskadin, 3.072 langabe gehiago egon dira (+% 2,22). Lanbiden 141.715 pertsona daude langabe gisa erregistratuta, eta, igoera horretan, azken bi hiletan, 24.500 pertsona gehiago.

“Maiatzean, langabeziak behera egin ohi du, baita krisi-urteetan ere. Egoera normaletan, 4.500 – 5.000 langabe gutxiago egoten dira, baina hori ez da gaur egungo errealitatea. Lan-merkatuan jarraitzen du zenbait sektoreren paralizazioak eta eskari eta kontsumo orokortuen murrizketak”, esan du Belandiak.

“Zenbait sektore oraindik beren normaltasunetik urrun daude, eta hori, langabezia elkartuan ez ezik, gauzatu ez diren kontratuetan ere islatzen da”. Hori horrela, ostalaritzan eta merkataritzan izan du langabeziak eragin handiena. Langabe berrietako 2.193 zerbitzuen sektorekoak dira. “Euskadiko langabeen 96.655ek zerbitzuen sektorearekin daukate lotura, alegia, guztizkoaren % 68k”, esan du Lanbideko zuzendari nagusiak.

Azken hilabetean, langabeziagatik nabarmenenak diren jarduerak honako hauek izan dira: jateko eta edarien zerbitzuak (+338), txikizkako merkataritza (+282), hezkuntza (+180) eta egoitza-establezimenduetako laguntza (+164).

Sektore horiek, halaber, kontratazioaren ikuspuntutik eraginik gehien jasan dutenak dira. 2019ko maiatzaren aldean, kontratazio-bolumen handiena galdu duten jarduerak honako hauek izan dira: ostalaritza (-15.207), manufaktura-industriak (-9.202) eta arte- eta jolas-jarduerak (-5.051).