Europako Batzordeak bikaintzat jo du Enterprise Europe Network-en euskal partzuergoaren lana

0

Europako Batzordeak eginiko txosten baten arabera, Enterprise Europe Network (EEN) Sarearen Euskadiko gunearen emaitzak bikainak dira, eta espero du SPRI Taldeak zuzentzen duen partzuergo horrek orain arteko bide berari jarraituko diola datozen hilabeteetan ere. SPRI Taldeak zuzentzen duen partzuergo horrek aholkularitza eta Europar Batasuneko negozio-aukerei buruzko informazioa ematen die ETEei transferentzia teknologikoko prozesuetan, eta sarbidea errazten die I+G+B finantzatzeko Europako programetara.

Dagoeneko enpresa askok baliatu dituzte EEN sareak, hots, nazioarteko bokazioa eta proiekzioa duten ETEei laguntzeko munduko sare handienak Euskadin eskaintzen dituen zerbitzuak. Hiru Merkataritza Ganberek, Innobasque-k eta BEAZek ere parte hartzen dute sare horretan. EENren bitartekaritzari esker, azkenaldian, besteak beste, 18 lankidetza akordio lortu dira Europar Batasuneko estatu desberdinetako bazkideekin, eta euskal enpresek euren lehiakortasuna eta Europan duten posizionamendua hobetzea lortu dute akordio horien bitartez.

Hala, EEN sarearen Euskadiko guneak aise gainditu ditu Bruselarekin ezarritako helburuak, Sare horretako kide gisa duen partaidetzaren esparruan.

Era berean, Europako Batzordeak oso positibotzat jo du helburu horiek Euskadirekin sinatutako kofinantzaketa-aurrekontuaren barruan bete izana, eta hartara, nabarmendu du eraginkortasunez ari dela garatzen SPRIk koordinatutako lan-programa. Zentzu horretan, arrakastaz sustatu dira H2020 zein COSME programen bidez (zeinaren bitartez kofinantzatzen da EEN Sarea) martxan jarritako laguntza-ekimen desberdinen arteko sinergiak.

Txostenak orobat aipatzen ditu zeintzuk diren EEN Sarearen Euskadiko guneak lortu duen arrakastaren giltzak. Batetik, bere jarduerak argi eta garbi bideratzen dira gure ekonomiari indar handienaz tiratzen dion enpresa-ehunera, besteak beste lantalde sektorialak baliatuz, zeintzuk bat baitatoz espezializazio adimenduneko estrategiarekin. Bestetik, sarea asko inplikatu da lehiakortasuna, transferentzia teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko ekosistemako tokiko, Estatuko zein Europako beste eragile garrantzitsu batzuekin.  Hala, lankidetza oso emankorrak sortu dira Sareko beste kide batzuekin ingurune geografiko hurbilenean, bai Espainian eta baita ere Frantziako eskualde atlantikoetan.

Txostenak indartu beharreko alderdi batzuk ere aipatzen ditu. Besteak beste, iradokitzen du indar handiagoz bultzatu behar dela komunikazio-estrategia, hobeto iristeko nazioarteko hazkunde potentziala duten Euskadiko ETE berritzaile gehiagotara. Horretarako, EEN Sarearen Euskadiko guneko kideek gainerako euskal erakundeen eta gizartearen erabateko inplikazioa behar dute.

Azkenik, dokumentuan aipatzen da EEN sarearen Euskadiko gunea oso inplikatuta dagoela “Garapen Jasangarriko Helburuak” Euskadin ezartzeko prozesuan, eta argi gelditu da apustu sendoa egin duela Sareak 2021-2027 urteetarako ezarri duen “EEN Ikuspegi” berrira egokitzeko, zeinetan garrantzitsua izango den inguruneko gaitasunetara jotzea eta Saretik zentralizatutako laguntza integral eta pertsonalizatua eskaintzea ETEei zerbitzuak emateko.

Funtsezkoa izan da EENren euskal partzuergoa beste agente batzuekin inplikatzea, eraginkortasunez iristeko nazioarteko presentzia handitu nahi duten ETE gehiagorengana. Hori dela eta, Europako Batzordeak oso positibotzat jo du Sareak egin duen lana, eta txostenean adierazi du espero duela emaitza hauek maila berean mantenduko direla datozen hilabeteetan ere.