Bingen Zupiria sailburuak Euskadiko Orkestraren denboraldiaren aurkezpenean parte hartu du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Orkestraren 2020/2021 denboraldiaren aurkezpenean parte hartu du. 2020/2021 Abonu-denboraldia irailaren 25ean hasiko da Gasteizen eta 2021eko ekainaren 17an amaituko da hiri berean.

Robert Treviño zuzendari titularrak dioen moduan, gauza garrantzitsu bat ikasi dugu pandemia-garai hauetan, “etxea ez dagoela leku jakin batean, pertsonengan baizik. Berriki bizitako trauma sakona izan da, eta gure arteko banaketa beste galera modu bat bezala pairatu dugu. Orkestra-kontzertu bat ez da ekitaldi bat bakarrik, kultura, pasioa, artea, entretenimendua eta zaletasuna bizitzeko aukera bat ere bada; horrek GUZTIAK gizateria irudikatzen baitu”. Horregatik, orain Euskadiko Orkestraz hitz egin nahi dizuegu, guztiok elkar aurkitzeko leku komun gisa. Gure programazioa ezagutzera eta gozatzen hastera gonbidatzen zaituztegu. Aurretik, hemendik aurrera nolakoak izango garen eta datozen hilabeteetan gure jarduera nola kudeatuko dugun azalduko dizuegu.

Marka berria, Euskadiko Orkestra: Elkartzen gaituen zirrara

Gogoeta honek barne hartu du, baita ere, digital-osteko aroan orkestrak publiko ezberdinen aurrean aurkezteko eta haiekin harremantzeko duen modua. Izen bakarrarekin egingo du: Euskadiko Orkestra. Orain arte erabili diren izendatzeko modu guztiak (EO, OSE, EOS, etab.) ordezkatuko ditu, izan ere, oso modu aldakorrean erabili baitira eta ez baitira erabilgarriak izan markaren aintzatespena indartzeko. Aldi berean, eta nazioarteko zabalkundea lortzeko, ingelesezko ‘Basque National Orchestra’ izendapena ere mantendu da, kanpo-esparruan erabiltzeko. Gainera, gure marka berria eta gure izaera aurkezteko egin dugun hausnarketa guztiak «sentitzea», «ulertzea», «bizitzea» bezalako terminoetara eraman gaitu, zirrara komun bat sortuz: musikazaleen familia handiarekin elkartzen gaituen zirrara.