Beatriz Artolazabal sailburuak hezkuntzako astialdirako jarduerei berriz ekitea arautzeko agindua onetsi du

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak udan haur eta gazteen hezkuntzako astialdirako jarduerei berriz ekitea arautzeko agindua sinatu du, gaur goizean. Jarduerak egunekoak izango dira, eta, beste batzuetan, gaua ere emango da. Agindu hori onetsi ondoren, orain udalen, aldundien eta astialdiko erakundeen esku geratzen da jarduera horien antolamendua.

Beatriz Artolazabalek nabarmendu egin du erakundeek edo elkarteek aisiaren eta astialdiaren mugimenduaren bidez egiten duten lan garrantzitsuaren balioa. Are gehiago kontuan hartuta osasun-krisialdiak nahitaezko konfinamentu gogorra ekarri duela eta, ondorioz, ume eta gazteak etxean geratzera behartu dituela eta haien espazioetako eta aisiako eta astialdiko une asko desagerrarazi dituela. Horrela, Artolazabalek nabarmendu du aisiako eta astialdiko mugimenduaren bidez egiten ari diren inplikazioa eta hezkuntza-lana funtsezkoa izaten ari dela “ume eta gazte askoren garapenerako”.

Artolazabalen aginduan honako hau jaso da berariaz: “monitoreei prestakuntza berezia eta eguneratua eman beharko zaie COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan”. Hori dela eta, aginduaren onespenarekin paraleloan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak lineako prestakuntza-ikastaroa antolatu du, astialdiko monitoreei zuzenduta, Covid-19ra egokitu daitezen.

Izena emateko epea gaur irekiko da, eta Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da. Hasiera batean, prestakuntza-ikastaro hori datorren ekainaren 25ean arratsaldez egin ahal izatea aurreikusten da; mila izen-emate izan ditzake. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak gogorarazten du astialdiko jardueren erakunde antolatzaileek beren prestakuntza-ekimenak gara ditzaketela, hala nahi badute.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak erabaki du, izena emateko lehen fasean, ikastaroa honako hauei zuzenduko zaiela: monitoreak, mota horretako jarduerak antolatzen dituzten administrazioetako teknikariak, hezitzaileak, etab. Azken batean, haur eta gazteentzako hezkuntzako astialdirako jardueretan zuzenean lan egiten duten profesional eta/edo boluntarioei, bai eta Euskadin haur eta gazteentzako hezkuntzako astialdirako jarduerak antolatzen dituzten erakunde eta entitateetan parte hartzen duten pertsona guztiei ere. Ikastaroan izena emateko bigarren fasean, ikastaroa gainerako interesdunei ere zabal lekieke, harik eta plaza guztiak bete arte.

Gazteen Euskal Behatokiak gaurtik aurrera jasoko ditu izen-emateak, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrialdearen bidez.

Ekainaren 25eko lineako prestakuntzaz gainera, parte-hartzaile eta erakundeei prestakuntza egin eta hurrengo egunetan prestakuntzan agertzen diren neurrien inguruan sortzen zaizkien zalantza eta galderei arreta emateko zerbitzua eskainiko da.