Gobernuak laguntza berriak onartu ditu Covid-19aren krisiari aurre egiteko

0

Josu Erkorekak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuarekin, eta Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

Prentsaurrekoan Josu Erkorekak Gobenru Kontseiluak onartutako gaien berri eman du. Bozeramaileak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak, gaur, zenbait laguntza-programa onetsi ditu, “Talka Plan”aren esparruan, COVID-19aren ondoriozko ekonomia- eta enplegu-krisiaren inpaktuari erantzuteko.

Gizarte-ekonomiako enpresei laguntzeko 3,2 milioi euroko gastua egiteko baimena eman da. Helburua honako hauei bide ematea da:

  • Kooperatiba berrien ekintzailetza
  • Haren lurralde-sustapen planifikatua
  • Dagoeneko badauden eta zailtasunak jasaten ari diren enpresak finkatzea
  • Aholkularitza tekniko berezia eskaintzea, krisi ekonomikoa gainditzeko.

Programa hau sendotu eta Covid-19aren ondoriozko krisi ekonomikoaren egoerara egokitu du Jaurlaritzak. Dagoeneko Gobernuaren laguntzak jasotzen dituzten eta krisi honen eraginpean dauden gizarte-ekonomiako enpresek kapital dirulaguntzak jasoko dituzte, finantza-egitura sendotzeko. Gainera, krisi honen espezifikotasunei buruzko aholkularitza bereziko bi ildo berri sartu dira. Gizarte-ekonomiako enpresei lehia-egoera hobetzeko diagnostiko espezializatuak prestatzen lagundu nahi zaie.

Krisi-uneetan, aukera-egoerak ere sortzen dira-eta, programa honek zailtasunak bizi dituzten enpresak sozietate kooperatibo bilakatu ahal izateko laguntza-ildo bat jaso du.

LANBIDE

Josu Erkorekak adierazi duenez, 3,2 milioi euroko gastua onetsi du Gobernu Kontseikuak, euskal enpresetan prestakuntza-ekintza estrategikoak finantzatzeko.

Helburua da langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzea.  Enpresek enpresaren proiektuarekin lotura duten prestakuntza-ekintza estrategikoak abian jartzea nahi du Jaurlaritzak.

Covid-19aren ondorioz, prestakuntza-programen epea luzatzea erabaki du Gobernuak.Datorren urteko ekainaren 30era arte programatu ahalko dira.  250 prestakuntza-programa inguru abian jartzea espero du Jaurlaritzak.

Bozeramaileak adierazi duenez “garrantzitsua da langileak eta enpresak errealitate berrietara egokitzea. Horretarako, garrantzitsua da ekoizpen-prozesuen aldaketetan langileek lanbide-gaikuntzari eustea”. 

2020KO ETXEBIZITZA-PROGRAMA 

Gobernu Kontseiluak etxebizitzarekin zerikusia duten 4 programa onartu ditu; guztira 66 milioi euro dira. Besteak beste, Covid-19aren krisialdian txarren pasatzen ari direnei laguntzeko planak dira.

  • Gaztelagun programa, gazteentzako laguntzak bideratzekoa, merkatu librean etxebizitzaren alokairua ordaintzeko. 19,3 milioi onetsi dira.
  • Errentamendu Babesturako Laguntza Programa. 12 milioi euroko gastua baimendu da.
  • Kredituak Ordaintzeko Laguntza Programa, alokairu babestuko etxebizitzak eta etxebizitza hutsaren irisgarritasuna hobetzeko edo hura mobilizatzeko birgaitzeak sustatzen dituztenentzat. 12 milioi euro onetsi dira.
  • Egoitza-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea sustatzeko programa, egiturako, irisgarritasuneko eta efizientzia energetikoko hobekuntzetarako. 20,4 milioi euro dira dirulaguntzetan, eta kopuru horren bidez aurreikusten dute 400 milioi euro baino gehiago mobilizatuko direla inbertsio pribatuetan, eraikuntza-sektoreko enpresetan. 

LANBIDEREN BULEGO BERRIA

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Zallan bi lokal erosteko, Lanbideren egungo bulegoa handitu eta hobetzeko. Lanbidek Zallan duen bulegoak 32.000 pertsonari ematen die zerbitzu; bertan, 2.428 pertsona daude enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta. Lokal berriek 354 metro koadro dituzte, eta José Etxezarraga kalean daude. Erosketa horren bidez, irisgarritasuna eta zerbitzua hobetu ahalko dira. Lanbideren bulego berria 15 eta 18 hil bitartean eraginkor egongo da.

EITB-NAFARROA ETA IKUS-ENTZUNEZKO EKOIZPENAK

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Nafarroako Foru Erkidegoarekin lakidetza-hitzarmena luzatzeko, EiTBren zerbitzuak Nafarroan ere zabaltzeko. Hala, beste lau urtez berrituko da 2016an sinatutako aurreko akordioa.

Gainera, 2,2 milioi euro onetsi ditu, ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko. Lau modalitateko laguntzen deialdia da; Jaurlaritzak espero du horren bidez “Made In Euskadi” ikus-entzunezko 24 proiektu bultzatzea.

KIROL-LEHIAKETAK

Azkenik, Gobernu Kontseiluak baimena eman du milioi erdi euroko programarako, kirol-taldeek, kirol-elkarteek eta nortasun juridikoa duten erakundeek goi-mailako kirol-lehiaketetan parte hartu ahal izateko. Deialdiak honako hauek jaso ditu:

  • Nazioarteko eremuko eta izaerako kirol-proba ofizialetan parte hartzea bultzatzeko laguntza-ildoa
  • Emakumeen estatuko ligetan parte hartzea sustatzeko beste bat.

HITZARMENA GESTAMP-EKIN

Prentsaurrekoan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak, “GESTAMP NORTH EUROPE SERVICES» enpresarekin, “Bikaintasun Zentroa Ibilgailu Elektrikoa Fabrikatzeko Teknologiei eta 4.0 Fabrikazio Malguari buruzko Ikerketan” abian jartzeko hitzarmena baimendu du.

Arantxa Tapiak azaldu duenez, bikaintasun-zentroa Zornotzan kokatuko da eta 17 miloiko inbertsioa egiteko konpromisoa dakar, eta Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euro arteko dirulaguntza onartu du horretarako. Sektore osoan izango du inpaktua, lehiakortasuna hobetzea ekarriko du eta fabrikazio-prozesuan ikerketaren transferentzia bermatuko du.

KORONABIRUSA

Gaur, Gobenru Kontseiluan, osasun publikoko txostenak aztertu dituzte, eta zehazten dutenez “osasun- eta epidemiologia-egoera aintzat hartuta, gainditutzat eman dezakegu Euskadin Deseskalada Planeko III. Fasea”. Prentsaurrekoan Nekane Murga Osasun sailburuak Covid-19 datuak ere eguneratu ditu.

Gainera Osasun Sailak eguzkitik eta berotik babestea gomendatzen du, uda iristean osasun ona izateko, eguzki-errotazio handieneko eta tenperatura altuetako garaia baita.