EAEk ibilgailu elektrikoa fabrikatzeko teknologiei eta 4.0 fabrika malguari buruzko ikerketarako bikaintasun-zentro bat hartuko du

0

Ibilgailu elektrikoa ikertzeko bikaintasun-zentroa eta 4.0 Fabrika Malguari hartuko ditu EAEk. GESTAMP taldearen ekimena izango da eta Eusko Jaurlaritzak ekimen horretan parte hartuko du, EAEko automobilgintzaren sektoreak gaur egun duen erronka garrantzitsuenetako bat dela uste baitu.

Proiektuak 17 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa dakar, eta Gobernu Kontseiluak gaur onartu du GESTAMPi zortzi milioi eurorainoko zuzeneko dirulaguntza ematea. Ekarpen hori ez da izango, inola ere, kostu osoaren % 50etik gorakoa, eta GESTAMP sozietateari dagokio gainerako finantzaketa ekartzea proiektua guztiz abiarazi arte.

Inpaktua eta lehiakortasun-hobekuntza sektore osorako

 Gaur onartutako lankidetza-hitzarmenari esker, industria-ikerketarako gune bat sortuko da, fabrikazio aurreratuan paradigma-aldaketa ekarriko duena, “fabrika”ren kontzeptu iraultzaile berri bat diseinatu, garatu eta baliozkotuko baita, erabat malgua eta konektatua.

Halaber, ibilgailu elektrikorako trantsizioaren aurrean automobilen egiturazko aldaketekin lotutako joerak ikertuko ditu zentroak. Zentroak ibilgailu elektriko berriaren egiturazko produktu eta osagai berriak ikertuko ditu,  pisua murriztuz, CO2 isuriak murrizteko klima-aldaketaren ondorioak arintzeko. Ibilgailu elektrikoak fabrikatzeko teknologietarako berariaz diseinatutako produktu berriak ere garatuko dira.

Industria-ikerketako etorkizuneko laborategiak aurrerapenak bilatuko ditu EAEko automobilgintza-sektorearen lehiakortasuna handitzeko. Gainera, euskal sektorearen balio-katea osatzen duten enpresa hornitzaileen ekosistemaren ekarpena izango du, baita EAEn ezarritako zentro teknologikoen parte-hartzea ere.

Eusko Jaurlaritzak interesekotzat jotzen du proiektuan parte hartzea, etorkizuneko laborategiak autoen fabrikatzaileen eta fabrikazio malguaren arloko hornitzaile nagusien beharrei erantzungo liekeelako, baita ibilgailu elektrikoarekin lotutako joera globalei ere.

GESTAMPek EAEko automobilgintzarekin duen konpromisoa

GESTAMP taldea automobilgintzarako pieza estanpatu metalikoen arloko hornitzaile nagusietako bat da. Automobilerako osagai metalikoen diseinuan, garapenean eta fabrikazioan espezializatutako talde multinazionala da, eta EAEn ingurune ezin hobea du bere I+G+b jarduera garatzeko. Alde batetik, automobilgintzaren sektorea lehiakor eta berritzaileenetakoa da EAEn (2018an, EAEn ezarritako sektoreko enpresen salmentak Autonomia Erkidegoko BPGd-aren % 25 ziren), eta, bestetik, euskal erakundeek I+G+b-ren aldeko apustua egin dute.

GESTAMPek aktiboki parte hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Automobilgintza Klusterrean (Ibilgailuetako Osagaien Industrien Euskadiko Kluster Taldea). Kluster horren xedea da sektoreko euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea eta lankidetzaren bidez hura dinamizatzea, eta, horrela, erronkei erantzun bateratuak eman ahal izatea.

Horretarako, GESTAMPek lan hauek egingo ditu:

  • Behar eta erronka teknologikoak eta sektorialak zehaztea. Euskal Autonomia Erkidegoko eta nazioarteko automobilgintzaren sektorerako joera teknologiko eta sektorial garrantzitsuenak identifikatuko dira. Joera horien analisiaren emaitza gisa, sektorearentzako erronka handienak zehaztu behar dira.
  • Ibilgailu Elektrikoak Fabrikatzeko Teknologiei buruzko Ikerketako Bikaintasun Zentroa eta 4.0 Fabrika Malguaren zehaztapen teknikoak finkatzea, identifikatutako erronkei emango dizkien erantzunak zehazteko. Automobilgintzaren sektorean etorkizun handiena duten teknologien bideragarritasuna aztertuko da.
  • Bikaintasun Zentroak egoki funtziona dezan, ikerketarako gune fisikoak hautatzea eta egokitzea.
  • Ikerketa-azpiegitura sortzea eta ekipoak abian jartzea: Ibilgailu Elektrikoak Fabrikatzeko Teknologiei buruzko Ikerketako Bikaintasun Zentroa eta 4.0 Fabrika Malguaren azpiegitura sortzea eta abian jartzea kudeatuko da. Helburua izango da. Bikaintasun Zentroa zehaztutako ikerketa industrialeko ildoak gauzatzeko behar diren baliabide teknologikoez hornitzea. Fase horretan zehar, ekipoak kotizatzeko, eskuratzeko eta instalatzeko prozesu guztiak koordinatuko dira, euskal enpresa-sarearen launtzarekin. Era berean, eskuratutako ekipoak prest jartzeko lan egingo da, haiek industria-ikerketako prozesuetan erabiltzeko.

GESTAMPek I+Gko lankidetza-proiektuak egingo ditu beste enpresa eta zentro teknologiko batzuekin, batez ere euskaldunekin edo EAEn lantokiak dituztenekin.

Fabrikazio-prozesuetan aplikatzeko soluzioak

Ibilgailu Elektrikoak Fabrikatzeko Teknologiei buruzko Ikerketako Bikaintasun Zentroa eta 4.0 Fabrika Malgua funtsezko ikerketa-prozesuen eta prozesu industrialen arteko zubi gisa pentsatuta dago; ondoren, teknologia berriak ibilgailu elektrikoen benetako produkzio-prozesuetan integratzeko behar den oinarria ezartzeko.

Planifikatutako ikerketa-ildoak TRL (ingelesezko siglak Heldutasun Maila Teknologikoa adierazteko) eskalako maila problematiko nagusiak landu eta garatzera bideratuta daude. Maila horietan, baliozkotze-probak behar dira ingurune adierazgarrietan, oso makina antzekoekin eta, batzuetan, berdinekin, benetako ekoizpen-inguruneen tamainari eta ezaugarriei dagokienez.

Hitzarmen hau datozen egunetan sinatuko dute, telematikoki, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Gestampeko presidente exekutibo Francisco J. Riberasek.