Eusko Jaurlaritzak bere gaurko Gobernu Kontseiluan, euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-ondasunak katalogatzeko eta digitalizatzeko laguntza deialdi berri bati onartu du. Laguntza-lerro berri honen bidez, argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa edo funts dokumentalak eta bibliografikoak katalogatzeko eta digitalizatzeko diru-laguntzak emango dira. Laguntza-lerro berri horrek 350.000 euroko aurrekontua izango du.
Diru-laguntza deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berresten du euskal kultura-ondarea digitalizatzeko eta hedatzeko bere apustua. Laguntza-lerro berriak hiru modalitate izango ditu:
- Katalogazioa: Ondasunak digitalizatuta badaude, baina agindua argitaratzen den egunean erregistro katalografikorik ez badute. Digitalizazioak ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu.
- Digitalizazioa: Ondasunak digitalizatuta ez badaude, baina agindua argitaratzen den egunean erregistro katalografiko bat badute.
- Katalogazioa eta digitalizazioa: Ondasunek erregistro katalografikorik ez dutenean eta Agindua argitaratzen den egunean digitalizatuta ez daudenean.
Katalogatutako edo digitalizatutako kultura-ondasunen emaitza gero gehitu ahal izango da bilgailu hauetan: Euskariana eta Europeana, Europako Kultura Ondarearen online ataria. Diru-laguntza deialdi hau zuzenduta dago euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titularrak diren pertsona fisikoei eta erakunde publiko zein pribatuei, kokapen geografikoa edozein dela ere. Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzak bi programa aurkeztu ahal izango ditu gehienez.
Diru-laguntza deialdia lehiaketa-konkurrentziaren bidez ebatziko da. Proposamenak irizpide hauen arabera baloratuko dira: bildumaren interes publikoa (40 puntu, gehienez), aurkeztutako programaren koherentzia (20 puntu, gehienez), objektu digitalen kopurua (10 puntu, gehienez), digitalizazioaren eta/edo katalogazioaren kostu unitarioa (10 puntu, gehienez), eskatzaileak proiektua finantzatzeko egin duen ekarpen ekonomikoaren ehunekoa (10 puntu, gehienez) eta, azkenik, programan genero-berdintasuna sustatzen duten elementuak sartzea eta emakumearen ikusgarritasuna (10 puntu, gehienez).