AP-8 autobidea erabat ireki da Zaldibarren

0

Bizkaiko Foru Aldundiak erabat ireki zituen uztailaren 4ean AP-8 autobideko lau erreiak Zaldibarren, Verter Recycling 2000 SL enpresaren hondakindegiaren luiziak eragindako tartean. Aurreko astean Gipuzkoarako noranzkoko galtzadako bi erreiak ireki ahal izan ziren eta azken egunetan Bilborako noranzkoan galtzadako bi erreietan zirkulazio-baldintzak berrezartzeko lanak egin dira. Lan horiek hasieran aurreikusitakoa baino denbora laburragoan egin dira eta horrek autobidean normaltasuna lehengoratzeko prozesua aurreratzea ahalbidetzen du.

Lur-jausian izandako kalteak konpontzeko Gipuzkoarako noranzkoan hormigoizko areka berri bat egin da; kanalizazioa birjarri da eta 63 metrotan argien konexio elektrikoa 63 jarri da, kutxatilak eta farola bat jarri eta zimendatzea barne; metalezko hesia 224 metrotan jarri da berriro; errodadura-geruza fresatu eta nahasketa bituminosoarekin ordeztu da bi errailetan eta bazterbideetan eta, azkenik,  bideko markak pintatu dira. Bilborako noranzkoan, luiziak kalte txikiagoak eragin zituen galtzadan; alde horretan erdibitzailearen hormigoizko hesia berrezarri da bypassa lotzeko zatietan eta autobidearen gainera erori zen materialak suntsitutako eremuan. Era berean, bypasseko zirkulazioaren bi noranzkoak bereizten zituen hormigoizko hesia kendu da. Azken lan horiek gauez egin dira eta trafikoa Bilborantz bideratu da Ermuko saihesbidetik.

Otsailaren 7tik, zabortegia erori eta hamabost ordura, 75 kilometro-puntuaren (Gipuzkoako muga) eta 77 kilometro-puntuaren (Ermuko irteera) arteko tartean zirkulazioa galtzadan, Bilborako noranzkoan, gaitu zen bypass baten bidez egin da, noranzko bakoitzean errei bat jarrita.

Autobidea berriz irekitzerakoan erabiltzaileek eta azpiegiturak segurtasun handiena dute isuria autobideraino lerratu zen ibarrean jarritako hiru euste-hesiei esker. Hesi horietako bi, autobidearen oineko dike bat eta lur-jausien aurkako sare dinamiko bat, Aldundiak berak egin zituen joan den martxoan, eta Eusko Jaurlaritza ibarraren goialdean zabortegiari eusteko horma berri bat amaitzen ari da.