Unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa COVID-19ak eragindako itxialdian, eta osasunarekin duen lotura

0
PRUEBA

Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako katedradun Jon Irazustak eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Jarduera Fisikoko eta Kirol Zientzietako irakasle titular Ara Royok ‘Unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa COVID-19ak eragindako itxialdian, eta osasunarekin duen lotura’ izeneko ikerlana aurkeztu dute. UPV/EHUko AgeingOn ikertaldeak gidatu du azterlana, eta EXERNET Ariketa Fisikoaren Sarearen barruan gauzatu dute.

Ikerketak hiru funtsezko alderdi izan ditu: unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa deskribatzea konfinamenduaren aurretik eta ondoren; jarduera fisikoko ohiturak alderatzea gizonen eta emakumeen artean eta, azkenik, unibertsitate-ikasleek baliatutako motibazioak eta erremintak identifikatzea. Ikerlanean, Espainiako 16 unibertsitatetako 14.000 ikasle inguruk parte hartu dute.

Lan horretatik ateratako ondorioen arabera, nabarmen murriztu da ikasleek oinez ematen duten denbora: batez beste, % 84. Aldiz, ariketa bizia eta moderatua gehiago jaitsi da gizonetan emakumeetan baino (ariketa bizia, % 32 eta % 9, hurrenez hurren; moderatua, berriz, % 39 eta % 25). Bestalde, oso nabarmen ugaritu dira sedentarismo-orduak, batez ere aisialdian pantailak erabiltzearen ondorioz.

Itxialdian gehien ugaritu diren jarduera fisikoen artean, honako hauek ageri dira: indar-ariketak, pilatesa, yoga eta HIITa (intentsitate handiko tarteekiko entrenamendua). Igoera hori ere handiagoa izan da aztertutako unibertsitate-ikasle emakumezkoen artean. Halaber, emakumeek informazio eta tutorial gehiago bilatu dituzte sare sozialetan, eta adierazi dute konformeago zeudela konfinamenduko baldintzetan jarduera fisikoa etxean egitearekin. Gizonezkoen % 60k adierazi du ez zuela hainbeste gozatzen jarduera fisikoaz etxean. Horrexek azaltzen du gizonezkoek modalitate guztietan izandako beherakada, bereziki kolektibo horren kirol-praktikarekin loturik. Bi sexuetan ere, unibertsitate-ikasle gehienek adierazi dute jarduera fisikoren bat egin dutela, osasun-arrazoiak edo estresa kontrolatzea tarteko; horrek adierazten du Espainiako gazteak ari direla kontzientzia hartzen ariketa fisikoa erregularki egiteak osasunerako duen garrantziaz.