Hezkuntza sailak ikastetxe publikoetako jantoki zerbitzurako 192,22 milioi euro bideratuko ditu

0
PRUEBA

Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 192.200.770,52 euro bideratzea kudeaketa zuzeneko jantokiak dituzten Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetarako bazkariak prestatu, lehengaiak eskuratu, hauek garraiatu eta jantokien funtzionamendurako zerbitzu osagarriak kontratatzeko.

Gobernu Kontseiluak gastu hori onartu ondoren, Hezkuntza Sailak jantoki-zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatuko du.

Hezkuntza Sailak kontratazio-prozedura honetarako prestatu dituen klausulen pleguek berritasun ugari eta garrantzitsuak dituzte, horietako asko nutrizioa eta ingurumen kontuekin zerikusia dutenak.

Alde batetik, eta enpresa txiki eta ertainek kontratazio publikoan parte har dezaten sustatzeko, kontratazio-prozedura berrian lote kopurua handitu da, 18 lote izatetik 30 izatera. Kontratazio-lote horiek bi taldetan bereizten dira, ikastetxeek dituzten instalazioen arabera: sukaldea ikastetxean duten loteak (in situ loteak, 14) eta garraiatutako janaria duten loteak (16 lote).

Elikadura osasungarria

Nutrizioaren ikuspegitik, gainera, pleguek Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Planaren baitan baturiko proposamenak proposamenak jasotzen dituzte. Menuen diseinuan eta prestaketan islatuko diren neurri esanguratsuenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Fruta gehiago: astean 4 egunean, 3 egunean izan beharrean
  • Barazki eta lekaleak ugaritzea, bai eta barazki-goarnizioak ere
  • Pasteurizatutako haragi-deribatuak ezabatzea
  • Zuntza gehitzea: ogi integrala, gutxienez astean behin
  • Gatza gutxitzea: platerrei gehitutako gatza %20an gutxitzeko helburua bi ikasturtetan zehar

Bestalde, ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik ere, plegu berriek berrikuntzak islatzen dituzte. Ildo horretan, enpresa esleipendunek aurkeztu beharreko ingurumen-kudeaketako ohiko planez gain (hondakinak kudeatzeko planak, edo ura, energia zein ontzien erabilera murrizteko planak), baldintza-agirietan irizpide berri bat jasotzen da enpresek aurkeztutako eskaintzak baloratzeko, ingurumeni dagokionez hobeak diren elikagaien kontzeptuarekin lotuta. Elikagai horien artean, honako hauek bereizten dira:

  • Ingurumen-eragina eta bizi-zikloaren kostua minimizatzeko tokiko jasangarritasuneko elikagaiak
  • Ekoizpen ekologikoko elikagaiak: EBren erregelamenduaren araberako ziurtagiria izan beharko dute
  • Ekoizpen integratuko elikagaiak: indarrean dagoen araudiaren araberako ziurtagiria egiaztatuz.
  • Animalien ongizateko/arrantza jasangarriko irizpideak betetzen dituzten elikagaiak: ziurtagiriak egiaztatuz

Kalitateari lotutako irizpide horiek pisu handiagoa hartzen dute eskaintzak baloratzerakoan, eta eslei daitekeen puntuazioaren % 60raino iristen dira. Prezioaren irizpidea % 40ra murrizten da.

94.000 menu egunean

Gaur egun, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko 515 jantoki daude Euskadin, eta egunero 94.000 menu inguru zerbitzatzen dira horietan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen artean. Jantoki horiek menu eta dieta mota hauek eskaintzen dituzte: menu basala; arrautza-esneki-barazkien menua; arrautza-esneki-barazki eta arrain menua; txerrikirik gabeko menua; eta nutrizio-premia berezietarako dietak (intolerantziak, alergiak dieta bidezko tratamendu espezifikoa daukaten patologietarako dietak ; espezialistaren txosten mediko ofizialarekin).

Kontratu horien iraupena 20 hilabetekoa izango da (uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe), eta luzatzeko aukera izango da.