EiTB Taldea osatzen duten sozietateen integrazioari oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzak

0

Onartu du Eusko Jaurlaritzak egun EiTB Taldea osatzen duten sozietate guztiak sozietate merkantil bakar batean integratzea ahalbidetuko duen dekretua. Sozietate berriak EiTB Media S.A.U izena hartuko du. Bategite honek ez die eragingo ikus-entzunezko taldearen marka komertzialei eta eskaintzari; alegia, kate eta emisora guztiak mantenduko dira.

Gaur egun, EITB Taldea Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca erakundeak eta aipatutako  sozietate publikoek osatzen dute. Erakunde publikoa lau sozietateen kapital sozialaren % 100 ordezkatzen duten akzioen titular bakarra eta zuzena da, EiTB sortzeko Legearen 38. artikuluaren arabera.

Integrazioaren helburua da EiTBren modernizazio eta eraldaketa digitalerantz aurrera egitea antolaketa-eredu integratu eta eraginkorrago baten bidez, EITB Taldearen 2017-2020 Ildo Estrategikoen dokumentuan jasotakoa betez. Bertan, Taldeak aurreikusi zuen 2017-2020 aldian hastea sozietate-integrazioko prozesua, baliabide publikoak modu efizienteagoan eta eraginkorragoan kudeatzen laguntzeko. Gobernu Kontseiluaren akordio hau beharrezko izapidea zen EiTBk azken urtean lantzen aritu den operazio hau gauzatu ahal izateko.

Integrazioak ez die eragingo taldearen marka komertzialei, ez eta ikus-entzunezko eskaintzari: taldearen telebista kateek  eta irrati guztiek beren emisioa, eta eitb.eus-ek bere eskaintza, bere horretan mantenduko dute. Hau da, bategiteak ez du ETBren telebista-kateen, Radio Euskadiren, Euskadi Irratiaren, Radio Vitoriaren, Gaztearen, EiTB Irratiaren eta eitb.eus atariaren desagertzea ekarriko, eta euren ikus-entzunezko jardueran ez da aldaketarik izango.