Eusko Jaurlaritzak Kolonbiako Egiaren Batzordearekin Lankidetzan dihardu

0

Bilbon egingo den «Erbesteari, kanpoko biktimei eta itzulitako biztanleei buruzko egiaren aldeko topaketa» antolatzeko, Eusko Jaurlaritza lankidetzan arituko da Kolonbiako Egia Argitzeko, Bizikidetzarako eta Ez Errepikatzeko Batzordearekin, . Lankidetza UPV/EHUko HEGOA-Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuaren bitartez egingo da. Hain zuzen ere, Gobernu Kontseiluak 150.000 euroko laguntza bat eman dio Institutu horri, eta Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak kudeatuko du.

Gaur onartutako laguntzari esker, erbesteratu behar izan zuten eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Estatuko gainerako lurraldeetan eta Europako beste herrialde batzuetan (Frantzian eta Belgikan, batez ere) bizi diren gatazkaren biktimen inguruko mandatua bete ahal izango du Egiaren Batzordeak.

Bestalde, HEGOA Institutuak laguntza ematen dio Kolonbiako batzorde horri erbesteratutako biktimei arreta emateko. Era horretan, babesa bermatzen zaie Kolonbiako gatazkaren testuinguruan muga nazionalak zeharkatu zituzten eta indarkeria orokorren, barne-gatazken eta giza eskubideen urratze masiboaren ondorioz bizitza, segurtasuna edo askatasuna arriskuan jarri zuten pertsona guztiei.

Kolonbiako Egia Argitzeko, Bizikidetzarako eta Ez Errepikatzeko Batzordea gatazka amaitzeko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko Azken Akordioaren esparruan sortu zen. Akordio hori Kolonbiako Gobernuaren eta Kolonbiako indar armatu iraultzaileen artean izenpetu zen 2017an.  Aldi baterako eta judizioz kanpoko mekanismo gisa eratu zen, gatazka armatuaren esparruan gertatutakoaren egia ezagutzeko, gatazkaren barruan egindako urraketak eta arau-hausteak argitzen laguntzeko eta gizarte osoari gatazkaren konplexutasunaren inguruko azalpen zabal bat eskaintzeko.

Eta beharrezkoa da, halaber, gatazkak errefuxiatuta eta/edo erbesteratuta dauden biktimengan duen eraginaren eta haien eskubideen urraketaren berri ematea eta gatazka armatuak pertsonekin batera mugak zeharkatu zituela azaltzea.